Ondoko hilberri txostenak irakurri dira:
- Peli Martin (1923-2013) euskaltzain urgazlea. Manu Ruiz Urrestarazu ohorezko euskaltzainak irakurri du.
- Jose Antonio Retolaza (1929-2014) ohorezko euskaltzaina. Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainak irakurri du.
- Xabier Aranburu (1931-2014) euskaltzain urgazlea. Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzainak egin du txostena. (Xabier Kintanak irakurri du, Iriondo kanpoan da-eta).
Ekitaldian zehar, musika izan dute lagun bertaratutakoek. Ander Berrojalbizek biolina jo du eta Maider Lopezek biola.
Peli Martin
Manu Ruiz Urrestarazuren esanetan, Peli Martin pertsona sentibera zen, eta “bere hiriko eta herriko kulturarekiko grina” gaztetatik sentitu zuen. Txistularia izan zen, eta 15 urtez, 1948tik 1963ra, Arabako Aldundi Foralean miñoi-txistulari jardun zuen. Hor zegoen bitartean, Arabako Miñoien historia idatzi zuen (1988. urtera arte ez zuen argitaratu).
Musikazalea zen, eta Araba Abesbatza sortzaileetariko bat izan zen. Koru horren kudeaketa ekonomikoa ere eraman zuen denbora batean.
Euskara maite zuen, “euskotar izatetik euskaldun izaten igarotzera gaztetatik zuen helburu”. Andoni Urrestarazu Mendizabal “Umandi” izan zuen irakasle, eta urte batzuk geroago, Peli Marin bera izan zen euskara irakasle. Manu Ruiz Urrestarazuk esan bezala, “1960ko hamarkada, batez ere hamarkada horren bigarren erdia, garrantzi handikoa izan zen Peliren bizitzan. Euskara plazara jalgitzen ari da orduan eta harentzako etorkizun hobea ikusten dugu euskaltzale gehienok. Araban ere etorkizunak euskaldunago dirudi”. Izan ere, garai hartan, Arabako herri askotan euskaraz eta euskararen aldeko ekintzak antolatu ziren. “Olabide Ikastola ere urte haietan sortzen da eta bultzatzaileen artean, Peli dabil”.
1969ko azaroan, Euskaltzaindiak Peli Martin Latorre euskaltzain urgazle izendatu zuen.
1979tik 1987ra bitartean, Peli Martin Latorre Arabako Kultura diputatua izan zen. Artxibo Probintziala eta Museoak sustatu zituen, Arte Eszenikoen Eskola bultzatu. 1988an hartu zuen erretiroa, “baina ez lozorrotan gelditzeko, amaitu gabe zeuzkan obrak osatzeko eta argira ateratzeko baizik”.
Jose Antonio Retolaza
Luis Baraiazarrak lanaren zailtasuna aitortu du: “Ez da erraz lerro gutxitan aditzera ematen hain bizitza oparoa. Izen-abizenen atzean Euskal Herriaz eta euskaraz maiteminduriko, euskaltzaleok nekez ahaztuko dugun, gizon bat dago. Gogoan dugu haren izaera fina, harremanetarako atsegina, leiala, besteena errespetatzen eta bereari (gureari) tinko eusten zekiena. Gogoan dugu batez ere zein ongi konpontzen zen haur eta gaztetxo euskaldunekin. Haiekin elkarlanean eraiki nahi zuen etorkizuneko gizarte berria, euskalduna, gure letretan jantzia, eskolatua”.
Kili-kili pertsonaiaren eta izen bereko aldizkariaren sortzailea izan zen Retolaza. Baraiazarrak esan duenez, “Kili-kili pertsonaiagan hustu zuen berak zuenik hoberena: Euskal Herri euskaldunaren asmoa; euskaldun abertzale baten mezu garbi eta zorrotza. Hor geratzen dira aldizkaria bera, era askotako liburuxkak… Hor geratzen da batez ere, agerian ikusten ez dena: orduko haurrengan, gaur egun gizon eta emakume gazteak direnengan, oparo erein zuen herrigintzako eta euskalgintzako hazia”.
“Pertsona eta berak sorturiko pertsonaia bat eginik geratu ziren betiko; horregatik, Kili-kili eta biok du izenburua autorea hil ondoren argitaratu den lan autobiografiko bikainak”, ekarri du gogora Luis Baraiazarrak. Retolazaren bizitzaren bestelako kontuak ere izan ditu gogoan: gerra garaiko oroitzapenak, Seminarioko bizimodua, Arrazolan apaiz ibili zeneko garaia, Madrilera Psikopedagogia ikastera joan zenekoa...
Jakina denez, Arrazolan izan zen Euskal Herrian -munduan- egin zen lehen meza euskaraz. “Kristau Dotrinaz batera euskeraz alfabetatzen eta euskal kontzientzia sortzen ahalegindu nintzan”, idatzi zuen Retolazak berak. Honela esan du gaur Baraiazarrak: “Multzo harrigarria da, asko da, utzi diguna, baina ziur asko gehiago izango da asmoen, ametsen, desiren bizkar-zorroan eginkizun geratu zaiona. Hori izango da, beharbada, ekintzaile handi eta idealista fin guztien zoria”.
Euskaltzaindiak 2000. urteko urrian izendatu zuen ohorezko euskaltzain.
Xabier Aranburu
Xabier Aranbururi eskainitako soslaian, haren bizitzaren joan-etorrien kontu emateaz batera, bere izaeraren ezaugarriak eta egindako hainbat kultur-lan azpimarratu ditu Joxe Mari Iriondok bere txostenean. Aranburu kazetaria zen eta Donostiako La Voz de España egunkarian egin zuen lan. Iriondok esan duenez, “denetarik egin zuen: nazioarteko saila zaindu, egunkariak herrietan zituen korrespontsalen kronikak bildu eta txukundu, kultura sailerako jasotzen zituenak bateratu… Euskal gizartea eta kulturaz egunero zutabe bat idatzi nahi zuela eskatu zion behinola zuzendari jaunari, eta hark: “Baina nahiko gai izango al duzu gero eguneroko zure zutabe hori betetzeko?”. Ez zuen asko ezagutzen”.
1976tik 1977ra, Donostiako Radio Nacional irratian, arrantzaleei buruzko irratsaio bereziak egin zituen. 1976an, Punto y Hora de Euskal Herria aldizkaria sortu eta sustatu zuen taldeko kide izan zen. 1997an Deia egunkaria sortu zen eta Gipuzkoako ordezkari eta erredaktoreburu izendatu zuten.
Leku askotan jardun zuen: Donostiako Nazioarteko Zinemaldian -prentsaburua izan zen, baita aldizkariaren zuzendaria ere-; Gipuzkoako Kazetarien Elkarteko presidentea izan zen; Irun Hiria poesia eta Hondarribia Hiria sariketetan epaimahaiko; Bordari eta Satarka literatur lehiaketetan mahaiko, hasieratik, Donostiako Amara auzoan sortu zen Santo Tomas Lizeoaren sortzaile eta bultzatzaileetakoa... Joxe Mari Iriondoren hitzetan, “garai bateko jendeak nekez ahaztuko du Aranburu langile porrokatuaren arrastoa euskal kazetaritzan”.
Euskaltzaindiak 1975eko ekainean izendatu zuen euskaltzain urgazle.
Aitzindariak
Erakundearen izenean, Xabier Kintana idazkariak hasierako hitzak esan ditu eta Andres Urrutia euskaltzainburuak agur-hitzak.
Kintanaren esanetan, hiru omenduak aitzindariak izan ziren. Haiek egindako lanak "egin ziren denbora eta giro politiko haietan, zinez esan dezakegu oraingo askok uste izan dezaketena baino zailago, nekezago eta maiz arriskugarriagoak ere izaten zirela. Eta holako aitzindarien lanari esker, hain zuzen, etorri da, neurri handiz, oraingo egoera pozgarriago hau".
Andres Urrutiak ere testuinguru zehatz batean kokatu ditu Peli Martin, Jose Antonio Retolaza eta Xabier Aranburu. "Haiek -esan du- euskalgintza jakin bateko testigantza ematen digute. Kate baten katebegiak dira". Haiei, eta euren lanari jarraipena eman dioten guztiei, eskerrak eman dizkie.