Euskaltzaindiaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko hitzarmenean, beren-beregi agertzen da bi erakundeok ikastaroak eta jardunaldiak egingo dituztela, Eusko Legebiltzarreko langile eta parlamentarien hizkuntza-prestakuntza areagotzeko asmoz.
2013an, testuak eraikitzeko estrategiez jabetzeko ikastaroa antolatu zuten. Ikastaroak Euskaltzaindiak argitara emandako Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburua izan zuen abiapuntu eta Pello Esnal liburuaren koordinatzaileak eman zuen.
Arauak, izendegiak, hiztegiak, corpusak
Bihar emango den ikastaroaren helburua, aldiz, honako hauxe da: Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak edota aholkuak Eusko Legebiltzarraren barnean zabaltzea.
Hauek izango dira gai nagusiak:
- Euskaltzaindiaren arauak, aholkuak eta gomendioak; euskara batua eta euskalkiak; ahoskera. Xabier Kintana euskaltzain oso eta Euskaltzaindiko idazkariak emango du.
- Onomastika eta toponimia. Mikel Gorrotxategi euskaltzain urgazle, Onomastika zerbitzuko arduradun eta Onomastika batzordeko idazkariak emango du.
- Euskaltzaindiaren hiztegiak, corpusak eta hizkuntza baliabideak. Miriam Urkia euskaltzain urgazle, Euskaltzaindiaren Hiztegia egitasmoaren eta Hiztegi Batuko lantaldeko arduradunak emango du.
- Jendaurrean euskara zuzen eta egoki erabiltzeko jarraibideak. Andres Alberdi EIMA lan-programaren arduradun ohi eta Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika hiztegia biltzeko egitasmoko kideak emango du.
Aitor Etxeberria Eusko Legebiltzarreko Hizkuntza Normalizazio teknikariak aurkeztu eta itxiko du ikastaroa.
Elkarlana
Euskaltzaindiaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko hitzarmena 2011n sinatu zen. Ordutik hona, hainbat ekimen bultzatu dute elkarlanean.
Besteren artean, 2011n bertan, Euskara jalgi hadi plazara erakusketa antolatu zuten. Erakusketa horren ondorioz sortu zen bost hizkuntzatara itzulitako Linguae Vasconum Primitiae liburuaren edizio berria egiteko asmoa, 2011ko abenduan aurkeztu zena. Bi urte geroago, 2013an, sei hizkuntza gehiagora itzulitako Linguae Vasconum Primitiae liburuaren edizioa kaleratu zuten.
Bestalde, 2014ko abenduan, Eusko Legebiltzarrean zabaldu zen Gure Xabiertxo erakusketarako, liburuaren edizio baten hiru ale utzi zituen Euskaltzaindiak.