Videgainek zehaztu duenez, Euskera agerkaria "azken urte hauetan berriztatua izan da, munduan gaindi obratzen diren beste agerkarien artean bere maila ezagutua izan dadin, egiten diren ebaluaketen iragazkietatik iganik. Euskera agerkaria paperean ez ezik web sarean ere agertzen da eta B maila -ez baita guti- erdietsi du CRIC deitzen ebaluaketan". Euskaltzaindiaren buruordearekin batera, Jean-Baptiste “Battittu” Coyos Jagon sailburuak egin du gaurko aurkezpena.
Bi zenbaki argitaratu dira 2014an: batean 2013. urteko Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa bildu dira, eta bestean, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jaso dira. Hala, bada, bi liburuki hauek aurkeztu dira: Euskera 2013, 58-1 eta Euskera 2013, 58-2.
Euskera 2013, 58-1 liburuan Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa jaso da. Besteren artean, honako gaiak ageri dira: Iruñean “Euskara Nafarroatik” izenburupean egin ziren Jagon Jardunaldiak, Zarautzen egin zen Basarriren omenezko jardunaldia edota urte horretako Osoko bilkuretako aktak.
Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren eta Karmele Rotaetxe ohorezko euskaltzainaren omenez irakurri ziren hilberri-txostenak ere jaso dira liburukian. Beñat Oihartzabalek eta Xabier Altzibarrek, hurrenez hurren, egin zituzten hilberri txosten horiek.
Ingalaterrako Birminghameko Unibertsitatean, Larry Trask ohorezko euskaltzain zenaren omenez, Nicholas Gardner Euskaltzaindiaren Historia Soziala egitasmoko kideak eman zuen hitzaldia ere argitaratu da zenbaki honetan.
Literatura nagusi, ikerketa zenbakian
Euskera 2013, 58-2 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu, "literatura hartzen du gehienik gaitzat". Gai nagusiak hauek dira: Eusebio Maria Azkueren omenez egin zen jardunaldia eta Euskal Literaturaren Historiografiari buruzko II. Jardunaldia. Videgainek gogoan izan duenez, Ana Maria Toledo, Lourdes Otaegi, Jon Casenave, K. Josu Bijuesca eta Joseba Gabilondoren eskutik datoz artikuluak. "Lan horiek -esan du- pisu handikoak dira batzordea ari baita lan egiten euskal literaturaren antologia argitaratu nahiz. Asmo horrek nahi ta ez denbora, historia, kronologia, hots diakronia hartu behar du kontuan. Idazlanak nola sailka ditezkeen periodizazio baten arabera proposaten dute artikulu horietan".
Horretaz gain, bestelako ikerketa lanak ere jaso dira zenbaki horretan: Intertestualitatea abiaburu: Haranburu Materreren harrobian, Patxi Salaberri Muñoarena; Literatura Unibertsala bildumako hitzaurreen azterketa, Miren Ibarluzearena; Modernismoaren zantzuak Antonio Arrutiren poesian, Alexander Gurrutxagarena; Genero eta sexuaren berridazketa: Itxaro Borda eta polizia eleberrien kasua, Gema Lasarterena; Sobre el topónimo Guillarte (Gillarte), Felix Mugurutzarena; eta Estudio lingüístico-histórico del nombre Berantevilla, Roberto González de Viñasprerena.
Beste bi artikulu bildu dira liburuki honetan: batetik, Hommage a Jon Mirande (1925-1972). Jaime Christian Miranderen ilobak Mauleko herriko Etxean esan zituen hitzak -"guziz hunkigarriak dira berak eskaini lekukotasuna"-, Euskaltzaindiak eta Herriko Etxeak berak antolatutako ekitaldian; eta bestetik, Teatrogileek teatroaz. Maite Agirre, Antton Luku eta Ander Lipus. Jaime Valverdek idatzita. Euskaltzaindiaren bururordearen aburuz, "oso galdera interesgarriak eta erantzunak interesgarriagoak" batzen ditu azken artikulu horrek.
Euskera 2013, 58, 1 liburukia eskuratzeko sakatu hemen.
Euskera 2013, 58, 2 liburukia eskuratzeko sakatu hemen.