Bi liburuk osatzen dute argitalpen berria: batetik, Arestiren liburua, argitaratu zen bezala, eskaintzen da; bestetik, Harri eta Herri - 50. Artikulu bilduma izeneko bigarren liburua dago, zenbait euskaltzainek eta egilek idatziriko artikuluak biltzen dituena. Horietako batzuek Aresti bera ezagutu eta tratatzeko aukera izan zuten; gazteagoek, aldiz, bere lanen bitartez ezagutu zuten idazlea. Hauek dira parte hartzen duten egileak: Joan Mari Torrealdai, Xabier Kintana, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Karmelo Landa, Angel Zelaieta, Txomin Peillen, Ana Toledo, Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Aingeru Epaltza, Toti Martinez de Lezea, Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe.
Bi liburuak kutxa baten barruan argitaratzen dira.
Lana Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta BBK Fundazioaren laguntzarekin argitaratu da. Xabier Kintana euskaltzaina argitalpenaren koordinatzaile eta edizio arduraduna izan da.
Aurkezpenean honako hauek mintzatuko dira: Xabier Kintana argitalpenaren koordinatzailea eta edizio arduraduna; Toti Martinez de Lezea idazlea; Gorka Martínez BBK Fundazioaren zuzendaria; Xabier Monasterio Gabriel Aresti Kultura elkarteko ordezkaria; Andres Urrutia euskaltzainburua; Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua; eta Ibon Areso Bilboko alkatea.
Ekitaldiaren hasieran Rafa Rueda musikariak kanta bat eskainiko du.