Etxahun Iruri 1908ko maiatzaren 28an jaio zen Zuberoako Iruri herrixkan, eta bertantxe hil, 1979ko urriaren 1ean.
Txirulari harrigarria, bertsolaria, idazlea, abeslaria, kantu eta pastoral egilea zen. Berak egindako 107 kantu bildu zituen liburu batean. Horietatik ezagunenak, seguruenik, Agur Xiberua eta Oi ama Eskual Herria.
Honako pastoralak idatzi zituen:
- Etxahun koblakaria (Barkoxe, 1953), Parisen emana, 1967an.
- Matalaz (Eskiula,1955), Parisen emana 1966an.
- Bereterretxe (Maule-Lextarre,1958).
- Zantxo Azkarra (Gotaine-Irabarne, 1963).
- Le comte de Treville–Iruriko jaun kuntea (Iruri,1966).
- Txikito Kanbo (Maule-Lextarre,1967), urte berean Donostian emana.
- Pette Beretter (Gotaine-Irabarne, 1973).
- Iparragirre (Urdiñarbe, 1978).
- Ximena ( Atharratze eta Iruri, 1979). Emakumeek bakarrik protagonizatua.
- Iparragirre (Urdiñarbe, 1980). Ezin izan zuen ikusi, bera hil eta gero eman baitzen.
Xalbadorrek ezagun eta maitea zuen Etxahun. Bere Odolaren mintzoa liburuan honela gogoratzen du:
Etxahunekin ere kantatu izan dugu, batez ere Xuberoan ginabiltzalarik. Hau ez da, ordea, –berak aitortzen duena– hanbat trebe bat-batean berset egiten. Bainan baditu eginak kantu xoragarriak. Musika ere berak egiten badaki, eta horretan bekaizti natzaio Xuberoako izarra den horri.
(Odolaren mintzoa, 1976 Xalbador – Sendoa)
Egitaraua
2014ko Xalbador Egunerako egitarau sendoa aurkeztu du Deiadarra taldeak, urriaren 18an, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Ordu horretan, besteak beste, Ronnie Lynn “Mississippiko artzaina” piano-jotzailearen eta Jean Mixel Etxekopar kantariaren saio berezia izango da, Transhumanzia kantaldia izenekoa. Tokia ere, Urepeleko eliza, guztiz aproposa dela uste dugu, eta Ronnie eta Etxekoparren kantaldiak animoak piztuko ditu seguruenik, aurreko urtean Benito Lertxundiren kantaldiak bezalaxe.
Kantaldiaren ondoren lagun arteko afaria izango da.
Urriaren 19ko egitaraua honako hauxe da:
. 09:00: Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia, etxola eta Urepele ezagutzeko.
· 10:30: Meza nagusia.
· 11:15: Mahai-ingurua. Jean Mixel Bedaxagar, Allande Etxahun, Luxi Etxekopar eta Mixel Etxekopar arituko dira Etxahun Iruriz.
. 11:30: Larraineko dantzariak, plazan.
. 13:00: Herri kirolak, Donazaharre (Nafarroa Beherea) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) taldeekin. Sokatira, sega, orga altxatzea eta lasto altxatzea.
. 14:00: Bideo emanaldia, Etxahun Iruriren omenez.
· 15:30: Haurren txokoa.
· 15:30: Bertsolariak: Ibai Kanpo eta Joanes Etxeberria bertsolari zubetorrak arituko dira. Ondoren, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Juan Jose Eizmendi "Loidisaletxe II" eta Jose Luis Gorrotxategi. Gai-jartzailea: Joxe Mari Iriondo.
· 17:30: Erromeria, trikitilariekin.
Urepeleko Herriko Etxearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskadi Irratiaren laguntzarekin antolatu da egitaraua. Larunbateko afarirako, edota igandeko bazkarirako erreserbak egiteko, deitu 0033624332995 telefono zenbakira edo idatzi itxabe@yahoo.fr helbide elektronikora.