Agerraldian hauek izan dira: batetik, AEK, IKA, Batuz, Elkarlan, Deustuko euskal irakaslegoa, Aurten bai, Bai&By, Maizpide eta udal euskaltegiak; eta bestetik, Koldo Tellitu (Euskal Herriko Ikastolen Federazioa), Mikel Ormazabal (Kristau Eskola),eta Lurdes Imaz (EHIGE) hezkuntzako eragileak. Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusia ere izan dira ekitaldian. Azaldu duten bezala, ohiko ikastaro eta moduluez gain, gurasoei bereziki zuzendutako eskolak eskaintzen dituzte euskaltegiek, gurasoen behar komunikatibo nagusietara eta ordutegietara egokitutakoak.
Euskararen aldeko gurasoen jarrera aktiboa eskatu dute euskaltegietako eta hezkuntzako eragileek
Gaur, irailaren 16an, agerraldia egin dute euskaltegiek eta hezkuntzako hainbat eragilek, Euskaltzaindiaren egoitzan. Gaurkoa "Zatoz euskaltegira" kanpainaren barruan egin den lehen ekitaldia izan da eta gurasoei begira egin dute. Adierazi duten bezala, gurasoen jarrera aktiboa oso inportantea da, umeak euskalduntzeko prozesuan. Transmisioa, azpimarratu dute, ezinbestekoa da.