Esker oneko agertu da Andres Urrutia: "Eskerrak, Bizkaiko Foru Aldundiari eta engaiamendua, hurrengo hogeita hamar urte horiek emankor izan daitezen Euskaltzaindiaren lanean eta, azken batez, euskalgintzaren eremuan, euskal gizartea baita akademiaren helburua eta jomuga".
Euskaltzaindiarekin ez ezik, Bizkaiko Foru Aldundiak euskararekin ere duen engaiamendua azpimarratu du Jose Luis Bilbaok. "Sinadura honen bitartez modu sinbolikoan barritzen dogu Bizkaiko Foru Aldundiak euskeragaz daukan konpromisoa, hain zuzen be, euskaldun guztion hizkuntzagaz. Euskera gure Herriaren identidadearen ezaugarrietako bat da, gure kultura, tradizinoa eta ondarea diran lez. Hori dala-eta, guztion artean babestu, landu, zabaldu eta gizarteratu behar dogu gure hizkuntza".
Jose Maria Makua gogoan
1985. urtean, Jose Maria Makua Bizkaiko Foru Ahaldun Nagusiak eta Aita Luis Villasante euskaltzainburuak gaur egun Euskaltzaindiaren egoitza den etxearen lagapena bideratzen zuen dokumentua sinatu zuten. Bertan, euskaltzainburuak gogora ekarri duenez, honakoa esaten zen: Bizkaiko Foru Aldundiak Euskarari ardura eta babes gorena eman nahirik, kasu honetan, Erakunde Gidariari egoitza duin eta egokia emanez, Bilbo hiriko Plaza Barrian aintzina Aldundiaren Jauregia izandako Etxea Euskaltzaindiaren beharrizanetarako honen eskuetan uztea erabaki du. "Hitz horiek -esan du Urrutiak- laburbiltzen dute, laburbildu ere, gaurko ekitaldiaren esanahia, Euskaltzaindiari luzatzen baitzaio bere egoitzaren erabilera beste hogeita hamar urterako".
Bizkaiko ahaldun nagusiak ere Makua aipatu nahi izan du bere hitzaldian. "Makuak -esan du- oso garbi ekien Euskaltzaindiaren egoitza duina izan behar zala, Bizkaiko historiaren zati garrantzitsu bat. Makua oso gizon argia zan, bizkaitar petoa, konpromiso handia zuen euskeragaz, eta erabagi eban 1900. urtera arte Bizkaiko Foru Aldundiaren beraren egoitza izandako erakina izan behar zala Euskaltzaindiaren egoitza nagusia".
Makuaren izena presente dago, bai, Plaza Barriko egoitzan, bertan Akademiaren esker ona adierazten duen plaka bat jarrita baitago: "Euskaltzaindiak, Jose Maria Makua Zarandona Bizkaiko Diputatu Nagusi jaunari, egoitza hau lagatzea sinatu zuen 10. urteurrenean, esker onez. 1995-7-10".
Laster bigarren oroigarria jarriko da egoitzan bertan. Foru Aldundiak gaur eman dio Akademiari honela dioen plaka: "Ogetalau gizon behar dira izendatu Gernikako batzarrean / egiteko alegina euskeraren ganean. Jose Pablo Ulibarri Galindez, 1832, Done Peru egunean". Beheko partean honakoa irakur daiteke: "2014ko irailaren 11n berretsi deutso Bizkaiko Foru Aldundiak Euskaltzaindiari egoitza honen lagapena".