Lotura hori ekarri zuen gogora Andres Urrutia euskaltzainburuak. Era berean, Imanol Berriatuaren "zabaltasuna" azpimarratu zuen, eta "Imanolek aldarrikatzen zuen bezalaxe", egunerokotasunean euskara erabiltzeko premia dagoela ohartaratzi zuen. Koldo Olagibel alkateak Elantxobeko "seme handiak" zerrendatu zituen -arestian aipatutakoez gain, Antonio Ruiz de Azua "Ogoñope" eta Aita Manuel Arriandiaga- eta ondokoa esan zuen: "Hilak izateak baina, ez dau esan gura ahaztuak doguzanik".
Eguneko egitaraua Gorgonio Renteria Kultur Etxean hasi zen, bertan egin baitzen Imanol Berriatuaren bizitzari buruzko erakusketa birtuala. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak eta Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariak eman zituzten azalpenak.
Ondoren, ageriko bilkura egin zen. Hauek izan ziren hizlariak: Koldo Olagibel alkatea, Juan Luis Goikoetxea euskaltzain urgazlea, Xabier Kintana euskaltzain osoa eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Hitzaldiak entzun ondoren, ohorezko aurreskua dantzatu zuten, eta Talaiako goialdean bistaratu zen Elantxobeko Udalak eta Euskaltzaindiak Imanol Berriatuaren omenez egin duten oroitarria. Honela dio: "Imanol Berriatua Ibieta. Jaiotzaren mendeurrena. 2014. Gure artean hitz egin".
Horren ostean, bi erakundeek beste plaka bat eman zioten Imanol Berriatuaren ilobari. Plaka horretan omenduaren erretratua agertzen da, eta berak 1952an Andima Ibinagabeitiari bidali zion gutunaren zati bat: "Ai, gure Izaro'ko komentu zaharra! Bagagoz emen aski, komentu ori edeki gura dugunok. Baita, euskera errukarria iaso nahi dugunok ere. Erein dezagun gogoz, eta bilduko dugu noizbait fruitua".
Hona ekarri ditugu alkatearen hitzak, Xabier Kintanaren eta Juan Luis Goikoetxearen mintzaldiak eta erakuskera birtualerako erabili zen materiala.