Euskaltzaindia sorreratik bertatik da PuntuEus Fundazioko kide. Joan Mari Torrealdai da presidentea, Akademiaren ordezkari gisa. Berak azaldu duenez, Euskaltzaindia ez da orain domeinua erabiltzen hasi diren 92 aitzindarien artean. Ez Euskaltzaindia, ezta beste euskal erakunde enblematiko batzuk ere, domeinuaren erregistroarekin arazo tekniko batzuk sortu direlako. Fundazioa auzia bideratzen ari da ICANN erakundearekin.
Aitzindarien artean 9 enpresa, 23 erakunde publiko, 14 hedabide eta 46 entitate, euskal kulturgintza barruan kokatu dituztenak. Zerrenda Aitzindiariak.eus webgunean ikus daiteke.
Bestalde, prentsaurrekoan gogoratu zutenez, "aitzindarien Fasearen ondoren, abiarazte-aldia etorriko da. Abiarazte aldian mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu ahal izango dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik. Gaur esan dezakegu, abiarazte-aldia zehazki irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko dela. Eta denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Eta esan bezala, era berean, egun berezi horretan .EUS Domeinuaren Fase Irekia edo Orokorra hasiko da".