Erronka baten aurrean gaudela gaineratu du Intxaustik: "Hau, bukatzear dagoen aro baten amaierako lana dela esango nuke, eta hemendik aurrera beste modu bateko lana egin behar dela. Beste modu hori Etxeberri egitasmoan lantzen ari dira. Hau da: Soziolinguistikatik begiratu, berak ematen dituen arauetatik, gure iraganeko historia begiratu. Erronka bat dago, eta hau da: nola lortu historialariek Soziolinguistikako arauekin lan egitea; nola prestatuko dugun jendea horretarako".
Andres Urrutiarentzat argitalpena "aspaldiko ametsa" da. Bere esanetan, balio handiko lana da, "urtez urte, Joseba Intxaustik euskalgintzari oparitu dizkion hainbat emaitza -euskararen inguruan, arlo desberdinetan, arlo zibil, eklesiastiko eta oro har gizarte arloan- baturik eta gaurkoturik, hemen ikusten ditugulako”.
Hala, Euskara eta hizkuntzak, gizartean argitalpenak euskara eta hizkuntzen historia sozialaz autoreak 50 urtetan idatzitako artikuluak biltzen ditu. Hizkuntza ugariren albisteak jasotzen ditu, batez ere euskarari dagozkionak, baina baita beste hainbat hizkuntzaren berriak ere, betiere euskararen historia argitzen lagun dezaketenak.
50 urtetan idatzitakoa, 1963tik 2010erako tartean argitaratutakoa. Egilearekin batera, Izaskun Etxebeste eta Koro Segurola Euskaltzaindiko teknikariek birmoldatu dute testua. Emaitza hiru liburukitan jaso da:
- I. Aitorpenak. Ekinbideak
- II. Jarrerak. Politikak. Pedagogiak
- III. Erlijioak. Eliza kristauak
Joseba Intxaustiren aurkezpena (PDF, 73,3 KB)
Hiru liburukiak eskuratzeko sakatu hemen.