Eneko Bidegainek 2012an aurkeztutako doktore tesiaren bertsio ukitua eta laburtua da Lehen Mundu Gerra “Eskualduna” astekarian. Bi tesi zuzendari izan zituen: Xarles Videgain (Bordaux 3 – Michel de Montaigne Unibertsitatea) eta Josu Chueca (Euskal Herriko Unibertsitatea).
Tesiaren helburua hau da: duela mende bat, Ipar Euskal Herrian ondorio ikaragarriak izan zituen Lehen Mundu Gerran (1914-1918), zein eragin izan zuen Eskualduna astekariak ikertzea; hots, euskaldunek Lehen Mundu Gerran parte hartzeari begira, zein izan zen astekariaren jarrera. Bidegainek argitu bezala, “ez gara edozein astekariz ari, XX. mende hasieran eta gerla garaian Ipar Euskal Herrian gehien zabaldua zen agerkaria baitzen”.
Euskaldunak frantsesteko
Garai hartako Ipar Euskal Herriko elizaren eta eskuineko politikarien hurbileko astekaria zen Eskualduna. Hori dela-eta, lan honen bitartez, euskal elizak eta haren klase politikoak Frantziarekin nolako harremana garatu zuten azaltzen du Eneko Bidegainek. Milaka euskaldun joan ziren gerrara, eta 6.000 inguru hil ziren. Giza hondamendiaz gain, ondorio politikoak ere izan zituen, gerra hura izan baitzen Frantziako nazio eraikuntzaren funtsezko fasea. Eta, egilearen esanetan, “Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantsesteko bidean, eragile haien boza izan zen Eskualduna”. Hori guztia aztertzen du lanak.
Eneko Bidegain (Baiona, 1975) Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Ikus-entzunezko komunikazioko graduan, eta Hezikom ikerketa taldeko kide.
Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietako kazetari lanetan aritu zen Baionako ordezkaritzan. Ordezkaritza horretako arduradun izan zen 2001etik 2009ra. Idazlea da, Anbroxio eta Mahatsaren Begia eleberriak, eta Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia eta Gerla Handia, muga sakona saioak idatzi ditu, besteak beste. Bertsolari txapelketetako epaile lanak betetzen ditu.
Honako hauek egingo dute aurkezpena: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektoreak; eta Eneko Bidegain egileak.