Hamalau euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak 2013an, eta horietatik hamahiru izan dira gaurko ekitaldian -Iñaki Aldekoak ez du etortzerik izan-. Aldekoaz gain, hauek dira izendatuak: Kaxildo Alkorta, Iñaki Amundarain, Nagore Etxebarria, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Antton Gurrutxaga, Patxi Juaristi, Gerardo Luzuriaga, Elena Martinez de Madina, Felix Mugurutza, Manu Ormazabal, Erramun Osa eta Iratxe Retolaza.
Guztiei halaxe esan die Andres Urrutia euskaltzainburuak: “Ohorerako baino, lanean jarraitzeko deia duzue hau. Begien bistakoa da eta horretan ari garela azken urte hauetan, uste baitugu Euskaltzaindiak bere ateak ireki behar dizkiela euskararen arloan egunotan bizien dabiltzan sektoreei. Hor ari zarete zuek ere, andrazko zein gizonezko, idazletzan, kazetaritzan, zientzian, teknikan, administrazioan, irakaskuntzan, ikerketan eta bestelakoetan. Hortxe eta akademian ere nahi zaituzte Euskaltzaindiak, euskara eguneratu baten eskakizun eta premiei erantzun egokia emanez”.
“Akademiak -gaineratu du Urrutiak- badaki zer den lan hori eta berori barruratu nahi du, aukera emanez belaunaldi berriei, parte har dezaten Euskaltzaindiaren zereginetan. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazleak aintzat hartu, lanean jarri eta baliatu behar ditu. Lehen ere hala egin du, eta hurrengoetan ere hala egin beharko du, bere egitekoa ondo bete nahi baldin badu. Beharrezkoak dira baliabide eta tresna berriak”.
Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak ere hitz egin die urgazle berriei, eta honela esan: “Katea ez da eten, gogoratzen zigun Koldo Mitxelena maisuak. Horrela gaurko euskaltzainon kezkak eta ahaleginak ez dira gurekin amaituko. Euskal Herriko hizkuntza nazionala, euskara, kontserbatzeko, zaharberritzeko, denbora eta zeregin berrietarako egokitzeko ardura hori, zuengana pasatuko da, bidean izan ditzakegun arazoak guztion artean aztertu, kritikatu eta ahalik eta egokien konpontzeko”.
Dorleta Alberdi euskaltzain urgazle eta kazetariak aurkezpen lanak egin dituela, urgazle berriek diploma eta Euskaltzaindiaren ikurra jaso dituzte. Ekitaldian zehar, musika izan dute lagun bertaratutakoek. Izan ere, Pier Paul Berzaitz eta Joxan Goikoetxea musikariek hartu dute parte omenaldian eta Nemesio Etxanizek, Piarres Topet “Etxahun”ek edota Xabier Letek idatzitako poema musikatuak interpretatu dituzte.