Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen normalizaziorako eta euskal kulturaren zabalpenerako proposatuko diren egitasmoen inguruan gauzatuko da. Egitasmo hauetan, Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartzen dute bi erakundeok.
Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren arteko harremana aspaldikoa da, eta hainbat eginkizunetan gauzatu da. Hala, bada, batera antolatu zuten azken ekitaldia otsailean egindako mintegia da, "Desagertzeko arriskua duten europar hizkuntzez eta hizkuntza-aniztasuna Europar Batasunean" izenburukoa.
Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Sabino Arana Fundazioak argitaraturiko euskarazko testu-masa osoa Akademiaren eskuetan jarriko du.
Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du.