Olabide ikastolako eta Euskaltzaindiko ordezkariak ez ezik, Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko eta Jesuiten ordezkariak ere bertan izan dira. Hala, besteren artean, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu eta Lurralde Politika Saileko kontseilaria; Blanca Guerrero Hezkuntza Saileko Arabako ordezkaria; Iciar Lamarain Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; eta Iñaki Garcia Calvo Gasteizko Udaleko Kultur Planifikaziorako zinegotzia izan dira. Bestalde, Luzio Agirre jesuitak Jesusen Lagundia ordezkatu du ekitaldian.
Gaurko egitaraua Unesco Etxeak Gasteizen duen egoitzan hasi da. Bertan, Ruper Ormaza Unesco Etxeko presidenteak, Eneko Uriarte Olabide ikastolako presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu dute hitza. Uriartek omenaldiaren garrantzia nabarmendu du, eta ikastolak Raimundo Olabideri zor diola izena gogorarazi du. Andres Urrutiak Raimundo Olabidek euskararekin zuen konpromisoa eta euskal hizkuntzari egindako ekarpenak goraipatu ditu.
Omenaldiaren ostean, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak Olabide Ikastolara egin du bisita. Arratsaldean, Euskaltzaindiko Zuzendaritzak bilera egin du ikastolan.
Bestalde, iluntzean, 19:00etan, Goiuri Jauregian, Andres Urrutia euskaltzainburuak “Euskaltzaindia XXI. mendean: Ekin eta Jarrai” izeneko hitzaldia eman du.