Ikasturtean zehar, Bilbo Zaharra Forumek antolatu dituen jardunaldi guztiek Arestiren liburua izango dute ardatz. Izan ere, antolatzaileen aburuz, "euskaltzale guztiontzat, poesiaren historian liburu iraultzailea izan zen, gai sozial eta politikoak jorratuz eta injustiziak salatuz. Nire aitaren etxea olerkia ziur aski liburuaren guztien artean ezagunena da. Bere lanik esanguratsuena dudarik gabe".
Hala, lehenengo hiruhilekoaren egitaraua azaroan burutu zen, Amaia Lasa, Itziar Laka, Xabier Amuriza, Koldo Izagirre eta Joseba Tapiaren partaidetzarekin.
Bigarren hiruhilekoaren egitarauari dagokionez, gaur hasiko da, Anjel Lertxundi eta Kirmen Uriberen eskutik. Hurrengo saioa bihar, otsailaren 12an, izango da, Jon Juaristi eta Karmelo Landarekin. Azkenik, ostegunean, otsailaren 13an, Aurelia Arkotxa eta Itxaro Borda arituko dira.