Jakina denez, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da. Aldizkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero; horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa biltzen dituzte, eta bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jasotzen ditu. 2011ko zenbakiei dagokienez, hiru zenbakiak kaleratu dira, bi liburukitan bildurik: Euskera 2011, 56, 1-2 eta Euskera 2011, 56-3.
Euskera 2010, 56, 1-2 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak bildu dira: Jean-Baptiste Coyos euskaltzainaren sarrera-hitzaldia; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Tafallan egin zen ageriko bilkura; edota Jose Antonio Arana, Vahan Sarkisian, Xabier Gereño eta Fernando Mendizabal euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak. Jose Luis Lizundiak, Joan Mari Torrealdaik, Begoña Aranak, Xabier Kintanak eta Joseba Intxaustik egin zituzten hilberri txosten horiek.
Euskera 2010, 56, 3 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak (Arabatik Arabara euskaraz) eta Akademiak "Agosti Xaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian" izenburupean Baionan egin zuen jardunaldia. Horretaz gain, bestelako ikerketa lanak ere jaso dira zenbaki horretan: Koldo Mitxelenak bere diskurtsoan estrategikoki integratzen ditu enuntziatu parentetikoak, Agurtzane Azpeitiarena; Amorosen disputa, Jean Haritschelharrena; Antonio Arrue, el carlista que colaboró en el relanzamiento de Euskaltzaindia, Manuel Martorellena; eta Los nombres vascos de los meses en una obra de 1621: Fábrica universal y admirable de la composición del Mundo, Jose Zulaikarena.