EUSEBIO ERKIAGAREN MENDEURRENEKO JARDUNALDIA OSTIRAL HONETAN EGINGO DA BILBON
Ostiral honetan, Deustuko Unibertsitateko Bibliotekako Ellacuria salan Eusebio Erkiagari buruz, Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetzan antolatu duten Jardunaldia egingo da. Ekitaldi honek Bilboko Udalaren laguntza ere izan du.
Eusebio Erkiaga idazle, kazetari eta euskaltzainaren jaiotzaren mendeurrena dela eta, haren ekarria gogora ekartzeko asmoz egin den Jardunaldia goizean zehar egingo da. Sarrera doakoa da.
Andres Urrutia euskaltzainburuak emango dio hasiera Jardunaldiari. Ondoren, Roberto Mielgo Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako irakasleak “Eusebioren mundua kontatzen” izenburua duen hitzaldia emango du. Horren segidan, Ana Toledo euskaltzainak “Araibar zalduna: 6. eta 9. aginduek eragindako nahaspilak” mintzaldia eskainiko du. Mintzaldi honen ondoren, Eusebio Erkiagak idazle, itzultzaile, antzerkigile eta kazetari gisa egindako ekarpenaz hitz egingo du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Atsedenaldiaren ondoren, Igone Etxebarria euskaltzain urgazleak eta Labayru ikastegiko kideak “Eusebio Erkiaga olerkari” hitzaldia emango du. Miren Agur Meabe euskaltzain urgazleak eta, aldi berean, idazle ezaguna ere badenak, ordea, Erkiagaren zenbait olerki baliatu eta “Kresalaren goramina” izenburua daraman errezitaldi laburra eskainiko du. Ekitaldiari amaiera Jean Haritschelhar Literatura Ikerketa batzordeburuak emango dio.