Koldo Mitxelena Katedra bere III. Biltzarra egiten ari da Gasteizen
Aurtengo urriaren 11n Koldo Mitxelenaren heriotzaren 25. urteurrena beteko da. Data garrantzitsu hori gogoratzeko, Koldo Mitxelena Katedrak bere III. Biltzarra antolatu du. Biltzarra 2012ko urriaren 8tik 11ra bitartean egiten ari da Gasteizen, UPV/EHUko Letren Fakultatean.
Biltzarrean, lau egunez, Mitxelenaren jardunean ardatz nagusi izan ziren hizkuntzaren historia eta historiaurrea, eta horiek garatzeko hizkuntza teoria eta filologiaren hainbat alderdi aztertuko dira, Euskal Herrriko eta kanpoko hainbat adituren eskutik.
Sarrera doan da interesatu guztientzat. Halaber, Biltzarreko hitzaldiak entzun nahi, baina bertara joateko aukerarik ez dutenek zuzenean bideo streaming bidez ikusi ahalko dituzte EHUtb zerbitzuan. Bestalde, Twitterren, Biltzarraren jarraipena egiteko #kmk3 traola erabiltzea gomendatzen da. Programa eta gainerako argibideak Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarraren webgunean daude.