Ordutik aurrera Josu Arenazak beti jardun zuen euskararen alde, sutsu. Ezagunak dira hainbat aldizkaritan idatzi zituen artikuluak: Anaitasuna, Zeruko Argia, Agur... Jakina denez, 1970etik aurrera euskara batuaren kontra paratu zen argi eta nabarmen, alegia, Orixeren ildoko batasun baten alde zegoen bera, ez Mitxelenak gidatzen zuenaren alde.
Denboraren perspektibak, hala ere, beste irudi hau hobestea ahalbidetzen digu, alegia, Luis Villasantek 1957an Orixek Leitzan egindako sarrera hitzaldiaren kronika gisa idatzitako hau:
“Gero, arratsaldean, euskal erromeria egin zan Leitzako plazan: dantzariak, aizkolariak, aari-talka edo topekea, arta koskol posturea, Olentzaro begigorriren agertutea. Illuntzean, barriz bakotxa bere txokora, aaztu eziñezko gomutea ta poza biotzean. Zenbat jaun eta andra etzirean an batu, euskerea maite ta euskerearen alde lan egin gura dabenak! Danak asmo ta gogo bardin orregaz. An eguan Azpiroz jauna, Valkarlos-ko abadea, bere erritarrentzat orri gozo samur bat egiten dabena euskeraz, an Etxaide jauna euskerazko ainbeste liburu atara dituzana, Txillardegi, Zugasti, Oleaga, Erkiaga, Arrutza, Lekuona, Artetxe, Arenaza, Irigoien, Irigarai, Aresti, Peña, Lafitte, Dassance, Laveguerie, Eperre, Barriola, Bordari, Zeleta, Altzeta, Lojendio, Etxaniz, Labaien, Mokoroa, Diaz de Unzurrun, Agerre, Loidi, Zarauz'ko Patxi Unzurrunzaga eta beste asko. Ezin danak aitatu, gurata bere. Eta an batu zirean guztiak amodio bategaz etozen: danak euskerearen amodioak eraginda. Bai, euskerea dala euskaldunon ondasuna, eta ondasun ori eztogula galduten itxi bear: au zan an batutako guztien eretxi, asmo ta ardurea.”
Luis Villasante, Anaitasuna, V, 44 (1958-01) 1