Herrien euskarazko izena aztertzen denean, bi dira begi aurrean eduki behar ditugun iturri nagusiak, bata euskarazko erabilera, ahoz zein literaturan, eta bestea dokumentazioa. Biak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak, baina tentu handiz erabili behar ditugu.
Gogoan izan behar dugu gure administrazioek urteetan zehar ez dutela euskara erabili eta sarritan, gehienetan hobeki esanda, euskal izenak alde batera utzi dituztela arrunkeriak zirelakoan eta, hortaz, baztertzekoak.
Ahozko testigantza erabatekoa da, ez baitago ez Sopelan ez Uribe Kosta osoan ere Sopela erabiltzen ez duen euskaldunik. Hau dela eta, inoiz esan izan da ahozko aldaera hau Portu (Portugalete), Atxabalta (Aretxabaleta), Sátamo (Zaratamo) edo Güerba (Huelva) mailakoa dela eta, hortaz, ez dela onargarria. Baina ez da horrela eta ikus dezagun zergatik.
Antzinako Sopelana izenetik sortu zen Sopela, eta aldaketa hori aspaldikoa izateaz gain, euskarazko lege fonetikoen arabera bilakatutakoa da. Tamalez, euskara baztertuta egoteak ekarri zuen administrazioek errealitate honi muzin egitea. Gertaera honen gakoa euskara zaharraren fonologian dago. Izan ere, euskara zaharrean n mota bi zeuden, gogorra, sarritan -nn- moduan idatzi zena eta leuna teknikoki lenis deiturikoa. Latinez ere baziren bi, sinplea eta bikoitza. Agerikoa denez, egungo euskaran bakarra dugu eta desagertze horrek eragin zuzena izan zuen herri honen izenean.
Hizkuntzalarien ustez, kontsonante honen desagertzea IV. mendean gauzatu zen, Sopelaren erreferentzia historikoak izan baino ia-ia mila urte lehenago! Gainera, galera hau ez zen bakarrik toponimoetan gertatu, hitz arruntetan ere oso ezaguna baita, hala latinetik hartutako hitzetan: catena > katea, corōna > koroa, anātem > ahate, ballaena > balea, (h)arēna > are(a), molinu > bolu, nola euskararen berezkoetan ere: *seni > se(h)i; *ardano > ardao; *gaztana > gazta. Hitz elkartuetan -n- hori sarritan aurkitzen dugu: ardandegi, gaztanbera, katenbegi, bolunburu...
Hala ere, toponimoetan da bereziki ezaguna, Euskal Herriko hainbat herri izenetan da ezin argiago ageri baitzaigu: Galdakao (Galdacano), Lemoa (Lemona), Aramaio (Aramayona), Lazkao (Lazcano), Zestoa (Cestona), Arroa (Arrona), Miñao (Miñano), Dorrao (Torrano), Zolia (Zolina)...
Otxandio eta Zeberio izenak oso esanguratuak dira. Otxandio hiriari, Gaztelaren menpean zegoela, XIV. mendean hiri-gutuna eman ziotenean Ochandiano forma ageri da, baina ehun urte lehenago Nafarroako Antso VIIak Durangaldeari forua eman zionean Ochandio. Zeberio-ri dagokionez, 1375ean Ugao herriari hiri-gutuna eman ziotenean, Ceberiano dago idatzia. Geroztik ere behin edo bitan ageri bada ere, betiko desagertu eta Zeberio da aspaldian erabili dena forma bakarra.
Sopelara itzuliz, azpimarratzekoa da Sopela formak ere izan duela erabilera herrian bertan. Hala erakusten du Sopelabaso izeneko inguru ezagunak. Baina deigarriena, eta jende gutxik ezagutzen duen datua, deiturena da. Euskal Herrian sarritan gertatu da deituren euskal aldaerak sorlekutik urrun agertzea. Uribe Kostan administrazioko eskribauek uste zuten Sopela esan arren, Sopelana idatzi behar zela, baina handik urrutiagoko eskribauek ez. Horren lekuko dira Sopela formarekin dokumentatzen diren deiturak, bai Urkabustaizko Abezia herrian XVIII. mendean, bai Bilbon 1820. urtean.
Laburbilduz, Sopelana formatik Sopela herri-izenerako bilakaera aspaldikoa da, euskarazko lege fonetikoen arabera gertatutakoa eta, hortaz, euskal izen zuzena. Sopela formaren erabilera arrunta izan da euskaldunen artean, nahiz eta administrazioek mendeetan zehar erabili duten hizkuntzaren eraginez Sopelana forma gorde izan den.
Beraz, Sopela da euskal izena eta hau bere deklinabidea: Sopelako, Sopelatik, Sopelan, Sopelako eta Sopelara. Bestalde, gentilizioa sopeloztar da. Arauan sopelar ere eman zen eta, gainera, lehenengo aukera gisa, nire ustez sopeloztar hori baino zuzenagoa.