Maiatzaren 23an, Urtzi Urrutikoetxea kazetariaren eskutik, Euskaltzaindiari bisita egin zioten, gure hizkuntzaren arautze eta egokitze bidea nolakoa izan den jakiteko. Harrera Euskaltzaindiaren idazkariak egin zien. Xabier Kintanak Akademiaren egoitza erakutsi eta gure erakundearen sorrera, historia, eginkizunak eta arautze-lanak ezagutarazi zizkien. Biziki interesaturik agertu ziren euskal hizkuntza atlasaz, onomastika- eta toponimia-lanez, hiztegi batuaz eta ortografia eta sintaxia arautzeko erabakiez, eta batasunaren esperientziari buruz galdera asko egin zituzten, haien egoera eta gurea konparatuz.
Samitarren hizkuntza, finlandiera eta estonieraren senide hurbila da, eta hungarieraren ahaide urruna. Tipologiari dagokionez, guztiak mintzaira eranskariak dira, euskara, georgiera, turkiera edo Amerikako beste askoren antzera, baina horrek ez du esan nahi guztiak elkarren senide edo etorki berekoak direnik. Samitarrek beren hizkuntzan tundâr esaten diete iparraldeko leku izoztu eta landare gutxiko eremuei, eta gaur, hitz hori, errusiarrek jaso eta tundra bihurtua, munduko mintzaira guztietara zabaldu da.