"Gernika" argitaletxeko ordezkariak Euskaltzaindian
Apirilaren 26an, Roberto Serrano eta Vladimer Luarsabishivli Gernika argitaletxeko ordezkariek Euskaltzaindiaren egoitza bisitatu zuten. Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariak Akademiaren berri eman zien, eta haiek argitaletxean burutzen ari diren azken lanak aurkeztu zizkioten.
Gernika argitaletxeak euskal liburuak itzuli eta argitaratzen ditu Moskun. Orain arte zortzi bat liburu plazaratu ditu, errusieraz, eta orain georgieraz argitaratzen hasi dira, Tbilisin, Ilia Unibertsitatearen bidez. Hain zuzen ere, apirilean Euskal Herrira egindako bisita horretan, Jon Kortazarrek idatzitako Gabriel Arestiren biografia aurkeztu zuten, Vladimir Luarsabisvilik georgierara itzulita. Aurretik georgieraz argitaratutako beste liburu batzuk hauek dira: Gabriel Arestiren Harri eta herri edota Kortazarren Euskal Literaturaren Historia.
Gernika argitaletxeak Moskun du egoitza eta, liburuak kaleratzeaz gain, baditu bestelako egitasmoak. Hala, "Gernika: Euskal kulturari buruzko webgunea" deituriko proiektua argitaletxearen ekimenez sortu zen, Interneten euskal eta errusiar kulturen arteko harremana sendotzeko asmoz. 2008ko otsailetik aurrera, Gernika euskal kulturari buruzko aldizkari elektronikoa argitaratzen da webgune horretan.