Lehenik eta behin, kartografia modernoen laguntzaz, ibai nagusien hautespen lana egin behar izan da eta jarraian historian zehar izan dituzten izenak eta gaur egungo erabileran ematen zaizkienak ere aztertu eta finkatu dira. Euskaraz zer-nolako erabilera izan behar duten erabakitzea da Euskaltzaindiaren egitekoa, ahaztu gabe azken xedea araututako izen horiek mapetan, aldizkarietan, liburuetan eta hedabide guztietan apurka-apurka islatzearekin batera, izenen eredu jasoak gizarteratzea dela.
Gai honek duen izaera bereziagatik zerrenda hutsak ematea aski ez delakoan, aurkezteko modua ere egokitu nahi izan da arau honetan. Aztertze lanak modu ordenatuan egin ahal izateko, ibaiak bederatzi zerrenda nahiz mapatan sailkatu ziren eta emaitzan ere, zerrenda alfabetikoaz gain, aipatutako sailkapen hori eta zerrenda bakoitzari dagokion mapa eskematikoa ere eskaintzen dira. Antolatzeko irizpidea geografikoa izan da gehienbat, ahal izan den neurrian arrazoibide politiko-administratiboak alde batera utziz.
Honako hauek dira, sailkapeneko zerrendak eta mapak:
- Bizkaiko kostaldean itsasoratzen diren ibaiak (denera 38).
- Gipuzkoako kostaldean itsasoratzen direnak (59 ibai).
- Lapurdiko kostaldean itsasoratzen direnak (91 ibai).
- Logroño baino gorago Ebron isurtzen diren ibaiak (40).
- Logroñotik behera Ebron isurtzen diren ibaiak Egaraino (36).
- Aragoi ibaiaren goiko arroa Onsellaraino (45 ibai).
- Aragoi ibaiaren beheko arroa, Arga salbu (36 ibai).
- Arga ibaiaren arroa (56 ibai).
- Aragoi ibaia baino beherago Ebron isurtzen direnak (13 ibai).
Azkenik, inguruko hizkuntzetan izaten ahal duen erabilera eta aplikazioa kontuan hartuz, euskaraz gain, gaztelaniaz eta frantsesez ere eskaintzen da araua.
Comments
:-) :-)