Bi urte zituela, Madrilera aldatu zen, familiarekin batera. Oinarrizko ikasketak Saint-Maur (Damas negras) eta San Ignazio ikastetxeetan egin zituen. Unibertsitate mailan, Madrileko Industri Ingeniaritza Goi Mailako Eskolan, Doktoretza eskuratu zuen. Bestalde, Geografia, Ingeniaritza eta Ekonomia Zientziak ikasi zituen, Madrileko Complutense Unibertsitatean. Geografian ere doktorea zen.
Espainiako Ogasun Ministeritzan Moneta eta Tinbreko Lantegian Balore Dokumentuen sailburua izan zen, zortzi urtez. Ondoren Madrileko Ogasun Ordezkaritzan hasi zen lanean, Finantzar eta Zergen Inspektore gisa. Bestetik, Madrileko Unibertsitateko Ingeniari Industrialen Goi Maila Eskolako Ekonomia irakasle izan zen.
Madrilen bizi bazen ere, euskal gaiak ez zituen inoiz baztertu eta euskarari buruzko ikerlan ugari argitara eman zuen bere bizitzan. Euskal aditzak eta euskalkiak dira, hain zuzen ere, gehien jorratu zituen gaiak. Beti ere Louis-Lucien Bonaparteri jarraikiz, euskalki guztietako aditz laguntzailearen morfologia oso-osorik aztertu zuen eta liburu zehatzak osatu zituen, mapa ugariz hornituak. Liburu horiek guztiak Euskaltzaindiak argitaratu ditu eta Akademiaren webgunean ere kontsulta daitezke.
Artikuluak argitaratu zituen ondoko aldizkarietan: Ciencia Aplicada eta Racionalización. Biak dira Juan de la Cierva Patronatukoak eta bietan erredaktore lanak burutu zituen. Euskaltzaindiko agerkari ofiziala den Euskera-n, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko aldizkarian, Julio de Urkixo Euskal Filologia Mintegiaren Urtekarian (ASJU-Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo), Deban, ELEn eta Hispanica Posnaniensian ere bere ikerketak argitaratu zituen Yrizarrek.
Euskaltzaindiak 1947ko martxoaren 28an izendatu zuen euskaltzain urgazle eta euskaltzain ohorezko, berriz, 1987ko ekainaren 18an.
Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kidea zen, bai eta Eusko Ikaskuntzakoa ere.