Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" zenak omenaldi berri bat jaso zuen joan den igandean, otsailaren 19an, Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan. Bakarrik nago Zerubiden goiburuko ekitaldi horretan, hainbat idazlek Txillardegiren lehen hiru eleberrietako -Leturiaren egunkari ezkutua, Peru Leartzako eta Elsa Scheelen- pasarte hautautak irakurri zituzten. Besteren artean, hauek izan ziren: Ana Urkiza, Harkaitz Cano, Joxe Austin Arrieta, Ramon Agirre, Ibon Sarasola, Jokin Ansorena, Patri Urkizu, Beñat Sarasola, Koldo Izagirre, Arantxa Urretabizkaia, Rafa Egiguren, Fito Rodriguez, Joan Mari Irigoien, Juan Luis Zabala, Ramon Saizarbitoria, Hibai Iztueta, Mikel Hernandez Abaitua, Dorleta Urretabizkaia, Iban Zaldua eta Mariasun Landa.
Bestalde, urtarrilaren 27an, Argia aldizkariak 2012ko Merezimenduzko Saria eman zion Txillardegiri. "Argia Sariarekin -adierazi zuten antolatzaileek- urte hauetan guztietan komunikazio proiektu honi eman dion sostengua eskertzearekin batera, merezi duen aitortza eman nahi izan diogu azken mendeko Euskal Herriaren historia eta euskal kulturarena ulertzeko ezinbestekoa den pertsonari".