164. arauak Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia du izena, eta Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak, Bahrain, Egipto, Irak, Israel, Jordania, Kuwait, Libano, Libia, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Oman, Palestina, Qatar, Saudi Arabia, Siria, Sudan, Tunisia eta Yemen lurraldeetako 320 leku-izen ematen ditu tokian tokiko hizkuntzan, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Arauak, batez ere, gaur egungo izenak jasotzen ditu (Basora, Bengazi, Kirkuk, Larache, Marrakex, Meka, Ormuzko itsasartea, Ramallah, Tinduf…), geografia politikoari (Palestinar Lurralde Okupatuak, Gaza…) zein fisikoari (Bab el-Mandeb itsasartea, Rub al-Khali basamortua…) dagozkionak, baina izen historikoak ere baditu (Donibane Akrekoa, Edom, Filistia…).
Arau horren osagarria da berarekin batera landu den 165. araua, Arabieraren alfabetoan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema izenekoa. Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko lurralde gehienetan, arabiera da hizkuntza nagusia, eta arabiera ez da idazten latindar alfabetoa erabiliz. Horrenbestez, leku horietako izenak jatorrizko formatik, jatorrizko alfabetotik, latindar alfabetora aldatu behar dira arabieraz ez dakitenek irakurriko badituzte. Horretarako, transkripzio-irizpideak landu ditu Euskaltzaindiak, alfabeto zirilikoaren, armeniar alfabetoaren eta georgiar alfabetoaren kasuan egin zuen bezala ( 156. araua, 163. araua). Langintza horretan, arabieraren aditu bat izan du begirale. Nazioartean arabiera latindar alfabetora aldatzeko sistemak eta sistema bakoitzaren erabilera-esparrua deskribatzeaz eta zenbait jakingarri emateaz batera, arabiera euskarara aldatzeko baliokidetza-taula ematen du arauak.
Jose Luis Lizundia eta Alfontso Mujika
Exonomastika batzordea