Sopelako mapa toponimikoa argitaratu da
Sopelako toponimiaren mapa kaleratu da. Ekainaren 2an Kurtzio Kultura Etxean eginiko ekitaldi batean, 2008az geroztik egin den ikerketaren emaitza jasotzen duen mapa topografiko-toponimikoa aurkeztu zen, eta herritar guztien eskura jarri. Aurkezpena hauek egin zuten: Maier Gurrutxaga eta Goizalde Ugarte ikerlariek, Josu Landaluze Sopelako zinegotziak, Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkariak eta Felix Mugurutza, izenen arautzeaz arduratu den batzordeko kideak.
2008an ekin zitzaion, beka deialdi baten bidez, leku-izenen inguruko ikerketa egiteari, eta ordutik hona herritarren partaidetza handia izan da. Mapa egin baino lehen, eta ikerketa amaitutzat eman aurretik, jende aurreko aurkezpena egin zen, eta horrela herritar guztiei parte hartzeko aukera eman zitzaien.
Ikerketa eta mapa egiteko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduaren laguntza ezinbestekoa izan da. Mapa Dunba Argitalpenak S.L. enpresak egin du.