Alabaina ez dugu etsi nahi, eta Zavalak utzitako ondarea lantzen eta egunero berritzen jarraitu nahi dugu, haren "Auspoa" ederrari eraginez ahal dugun mailan.
Artxiboaren handitasuna
2005eko azaroaren sinatutako tratuaren arabera 2008ko azaro-abenduan hasi eta 2009ko urtarrilean azkenengo hondarrak bilduz Gipuzkoako Aldundira (Koldo Mitxelena) ekarri zen kaxa multzo handi hura, orain eta handiago eta ederrago iruditzen zaigu, egia esateko. Antoniok berak ezetz esaten bazuen ere, ondo genekien bilduma harrigarria zela hark urteen buruan maisukiro eginikoa. Alegia, ez zela hura ahuntzaren gauerdiko eztula, ez zela dozena bat karpetetan bil zitekeen paper zahar multzoa.
Hala ere, pazientzia eta begirune handiz orain karpetaz karpeta ordenatzen eta katalogatzen ari direnean, harik eta handiagoa, ederrago eta tantaiagoa iruditzen zaigu gure kultura arduradunen eta erakundeen aitorpen eta saririk merezi izan ez duen artxiboa. "Gero izango da dirua, gero izango dira famak", esaten zuen tolosarrak disimulatu ezineko penaz. Baina, auskalo noiz izango den gero hori. Lehenean jarraitzen baitu orain ere "Auspoa" bilduma erraldoiaren patuak -bai, bai, Antonio, zuk nahiago izaten zenuen destinoa esan eta ez patua-. Lehen ere badira lan bikainak eginak gurean, baina gure ahozkotasunaren alorrean sekula inoiz egin den lan eta proposamenik sakonena eta harrigarriena "Auspoa" saila da, ezbairik gabe.
Mondragoiko kalezainaren bertsoak (Auspoa 213) liburua inprentatik irtetzearren utzi zuen Antonio Zavalak, 2009ko urtearen hasieran; eta geroztik argitara emanak dira Uztapide bat-batean, bertso antologia+CDa (Auspoa 313), Uztapideren Leengo egunak gogoan, berrargitarapena (Auspoa 314), Gurutz Azkararen Ondorengoak jakin dezaten (Auspoa 315) eta Paxi Iraolaren Naizen apurra (Auspoa 316). Eguberritako jaiak direla-eta inprimategian gelditu zaigu Txomin Garmendiaren 2008ko nere egunkaria (Auspoa 317), baina Erregeen ondorean berehala kaleratuko da.
Honek esan nahi du Auspoak jarraipena izan dezan bere oinordeko izateko proposamena onartu genuenok Zavalaren lanbideari jarraitzen ahalegindu garela, nahiz eta maisu zuhurraren babesa falta dugun.
Gaur ere, bere heriotzaren lehenengo urteurren honetan, gure omena-aitormena egin nahi diogu Antoniori, bere lanari jarraipena ematen saiatzen garela esanez eta argi gaitzala eskatuz, dagoen tokitik.
Joxemari Iriondo
Auspoa taldeko eta Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kidea