Bi erakundeen arteko lankidetza esparru hauetan gauzatuko da:
- Lexikoa, batez ere onomastikaren alorrean, eta bereziki EITBn erabiltzen diren toponimo, exotoponimo eta antroponimoei lotua.
- Hizkuntzaren gramatika.
- Ahoskerari buruzko arauak eta jarraibideak.
- Euskaltzaindiak Lexiko Behatokia garatzen jarraituko du, horretarako EITBren testu-masa erabiliko duelarik.
- EITBk duen "Hikea" aplikazioa -hizkuntza kontsulta-zerbitzua- Euskaltzaindiaren arauekin elikatuko du.
Era horretan, euskararen erabilera egokirako, EITBri aholkua eskainiko dio Euskaltzaindiak, eta taldearen hedabideek egindako kontsultei lehentasuna emango die. EiTBk, bere aldetik, euskararen normalizazioa, sustapena eta erabilera zuzena bultzatuko ditu.
Lexikoaren Behatokiari dagokionez, UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatzen ari da Akademia. Egitasmoaren helburua hauxe da: ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki antolatu bat prestatzea, hots, corpus monitore bat prestatzea, bai lexikoaren erabileraren azterketak egiteko, bai eta lexikoari dagozkion arauak eta gomendioak dokumentatzeko ere. Hori garatu ahal izateko, EITB-k ekoizten dituen testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu.
"Hikea", bestalde, EITB erabiltzen duen erreminta multimedia bat da, kazetaritzarentzat interesgarriak diren hainbat alorretan baliagarria dena eta bere erabiltzaileentzat euskarazko terminologia zehatzera sarbidea errazteko asmoarekin sortua. Euskaltzaindiak baimena ematen dio EITBri argitaratuta dauden arauak eta gerora argitaratutako direnak bertan erabiltzeko.
Hiru urteko iraupena izango duen hitzarmen hau behar bezala betetzen ari dela ziurtatzeko Euskal Irrati Telebistak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea eratuko dute.