"Plazaberri", orain paperean ere bai
Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren karietara, hainbat argitalpen aurkeztu du Akademiak: liburu bi -Xabier Kintanak paratu duen Joanes Leizarraga Beraskoizkoaren Kalendrera (1571) eta Joan Mari Torrealdaik eta Imanol Murua Uriak idatzitako Euskaltzaindia eta Ekin eta Jarrai- eta aldizkari bat, Erlea, Bernardo Atxagak zuzentzen duena. Orain, zerrenda horri gehitu behar zaio Plazaberri izeneko berripapera, Euskaltzaindiaren informazioa zabaltzea helburu izango duena. Paperezko Plazaberri hilabetekaria izango da eta doan banatuko da.
Orain arte ere Euskaltzaindiak bere lan eta egitasmoen berri Euskera agerkariaren bidez eman izan du. Azken urteetan, dinamismo gehiago bilatuz eta teknologia berrietara egokituz, Euskaltzaindiak sortzen duen informazioa bere webguneko Plazaberri blogean argitaratzen du.
Orain, horren guztiaren osagarri, Plazaberri berripapera kaleratuko du hilero. Erakundearen inguruko informazioa zabaltzeaz gain, gizartearekiko harremana eta komunikazioa bideratzea eta suspertzea da argitalpen berri honen xedea.