Euskaltzaindiaren sorrera 1918an hasi zen eta 1919an amaitu.
1918ko irailaren hasieran, Oñatiko Unibertsitatean, Eusko Ikaskuntzaren lehen batzarrean, Euskaltzaindia sortzea erabaki zen. Urtebete beranduago, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau Foru Aldundien babespean, Euskararen Akademia jaio zen. 1919ko urriaren 7an egin zen, Gipuzkoa Foru Aldundian, Euskaltzaindiaren lehen bilera.
Akademia sortzeko ahaleginak XIX. mendean hasi ziren. Orduko hainbat euskaltzalek jada azpimarraturik zuten hizkuntzaren defentsarako Akademia baten premia (Ulibarri, 1832; Aizkibel, 1856; Artiñano, 1886). Jose Frantzisko Aizkibelek aipamen argia egin zuen idatzi batetan. Urte asko pasatu ziren, baina, euskaltzaleek hain nabarmen sentitzen zuten premia asetzeko. Bonaparte Printzea, Karl Hnnemann edo Theodor Linchsmann bezalako atzerriko ikerlariek ere lagundu zuten asmoa. Eta etxekoek ahaleginak egiten jarraitu zuten. Urteak joan urteak etorri, XX. mendea sartu zen eta ordurako argi ikusi zen mota horretako proiektu iraunkor batek erakunde publikoen babesa izan behar zuela.
1906an, apirilaren 25an, Bizkaiko Jauregi berrian Hegoaldeko lau Aldundiek egin zuten bilkura baliatuz, Adolfo Gabriel Urkixo Diputatu Nagusiak Akademia sortzeko proposamena aurkeztu zuen, horretarako lau erakundeen babes ekonomikoa eskatuz. Proposamen horren arabera, Akademia 12 kidek osatu behar zuten, eta euskalki guztiak ordezkatu behar zituzten. Horien izendapena, lehendabiziko aldiz behintzat, diputatuek egin eta babes ekonomikoa lau Aldundiek, euren gain hartu zuten. Proposamen honek bere ibilbidea egin arren, ezerezean geratu zen.
1918an Oñatin egindako Biltzarrean sortutako Eusko Ikaskuntza erakundeak, lau Diputazioei igorri zien Arautegiaren proiektua eta laurek onartu zuten:
- Gipuzkoakoak, 1919ko apirilaren 11n
- Bizkaikoak, maiatzaren 5ean
- Arabakoak, irailaren 2an
- Nafarroakoak, irailaren 3an
Egun batzuk geroago, irailaren 21ean, abiatu zen Euskaltzaindia. Lehen batzarra 1919ko urriaren 7an egin zuen Akademiak, hau ere Gipuzkoako Foru Aldundian. Besteak beste, egun horretan erabaki zuen Euskaltzaindiaren egoitza Bilbon kokatzea.
Urtebete geroago, 1920an, sortu zen Euskera, Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala.
Azken ospakizun ekitaldia, Donostian, urriaren 8an eta 9an
2008tik ari da ospatzen Euskaltzaindia bere 90. urteurrena. 2008ko urrian Iruñean egin zen XVI. Nazioarteko Biltzarrarekin hasiera eman zion Akademiak bere ospakizunari eta ordutik hona beste hiru ekitaldi egin ditu Euskaltzaindiak: Gasteizen -Arabako Foru Aldundian-, Ipar Euskal Herrian -Hazparneko Elgar Kultura Etxean-, eta Bilbon -Akademiaren egoitzan-.
Bilbokoaren ostean, datorren urrian egingo du Euskaltzaindiak urteurreneko azken ospakizuna, Donostian, bi egunetan: urriaren 8an emanaldi artistiko bat egingo da, Kursaalen, eta urriaren 9an ekitaldi instituzional bat burutuko, Gipuzkoako Foru Aldundian. Akademia hor elkartuko da agintari publiko eta gizartearen eta euskalgintzaren ordezkariekin.