Zeruko Argiaz gain, Jakin eta Aurrera aldizkarietako kolaboratzaile izan zen. Eguna egunkarian ere lan egin zuen, eta 1977az geroztik, Martin Ugalde zenak eskatuta, Deia egunkarian hasi zen lanean. Jubilatu ostean ere, hor jarraitu zuen idazten 2007 arte.
Azken 10 urteotan, Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen Bidegileak bildumaren koordinatzaile eta zuzendaria izan da Mikel Atxaga.
Euskararen Aholku Batzordeko kide izana. Lasarteko Landaberri eta Usurbilgo Udarregi ikastolen sortzaileetarikoa. Donostiako Ikasbide ikastoletako partaidea.
1998. urtean, Rikardo Arregi kazetaritza saria eman zion Andoaingo Udalak.
2009an, Merezimenduzko Argia Saria jaso zuen Atxagak. Honela azaldu zuen sari hau Argia astekariak: "Aldaketa, ilusio eta nahasmendu handiko garaiak egokitu zitzaizkion euskarazko kulturgintzari eta oro har euskarazko prentsari 1970eko hamarkadan. Ikurriña edukitzea bera delitu zen garaietan, Francoren diktadurak euskarazko izenak jartzea bera ezinezko egiten zuenean, ez partidu politikorik eta ez sindikaturik ez zenean, legezko hiru hitzengatik gobernuak bat espetxera zezakeenean, edo aldizkari bat itxi edo multa gogorrez zigortu, garai trumoitsu haietan kazetaritza egin zuen gure gizonak".
2009ko apirilaren 1ean, omendua izan zen, Donostiako Miramar Jauregian. Ekitaldian, Elixabete Garmendia kazetariak idatzitako Mikel Atxaga bidegilea izeneburuko liburua aurkeztu zen.
Argitaratutako lan nagusiak:
- Gaztetxo, 1963
- Ezkontza bidean, 1966
- Ohiturak
- Mundua, guztioi erakutsia. Itzulpena. 1969
- Komunikabideen beharra. 1977
- Deiadarrak. 1993. (Deian argitaratutako artikulu bilduma)
- EAJ eta euskara (ehun urteko bide malkartsua)
- Gerra aurreko eta ondoko euskalgintza
- Gure Urnieta
- Xalbador (Bidegileak bilduman)
- Euskal emakume idazleak (Bidegileak)
- Sabino Arana (Bidegileak)
- Jaime Kerexeta (Bidegileak)
- Itzulpenak: Tintin komikiaren zenbaki bat eta Euskal Herriko Atlasa (elkarlanean)