Jose Luis Urangaren dohaintza Euskaltzaindiari
Jose Luis Uranga Bermeoko euskaltzaleak bere bibliotekaren dohaintza egin dio Euskaltzaindiari. Maiatzaren 7an, Getxoko bere etxean, Urangak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmena sinatu zuten, eta dohaintza formalizatu. Euskaltzainburuarekin batera, Jon Artza Argitalpen eta Banaketa zerbitzuko arduraduna ere izan zen.
Euskaraz idatzi edota euskal gaiak jorratu dituzten egunkari, aldizkari eta liburuak biltzeari ekin zion Urangak, XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan, eta horretan jardun du gaur arte. Material hori guztia eman dio orain Euskaltzaindiari.
Jose Luis Uranga Bermeon jaio zen 1920an. Oinarrizko ikasketak Bermeon bertan egin zituen. Gerra amaitu ondoren, Valladoliden batxilergoa ikasi zuen, eta Bilbon Nautika ikasketak burutu. Bizkaiko Labe Garaietan egin zuen lan, harik eta 1969an jubilatu zen arte. Euskal gaiekiko zaletasuna bere aita eta aititerengandik datorkio.