Jean Saroihandiren artxiboa osorik digitalizatu da eta Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan dago
Julio Urkixoren arabera (1871-1950), Hugo Schuchardt (1842-1927) izen zen euskara ikastera adoretu zuena, Baionako Lizeoan gaztelania irakasle izen zen garaian (1913-1918). Baina, George Hérelleri (1848-1935) segituz, Pirinioetako hizkuntzekiko zaletasuna lehenagotik zetorkion, hogeita hamar urte egin baitzituen ahal zuen guztietan Pirinioetan zehar txangoak eginez, beti oinez eta esku-kaierra gerrian loturik, bidean gurutzatzen zitzaizkion artzain edo baserritar ororekin berriketari ekiteko gertu, ondoren haien berriak amoroski apuntatuz metodo antropologiko klasikoak agintzen duen legez: ahoskerak, hitz bereziak, ohiturak, toki-izenak... Ostatura joanik, informazioa fitxetara pasatzen zuen. Horrela Pirinio guztiak atzera eta aurrera, bi isurialdeetatik, dozenaka kaier eta milaka fitxa bilduz.
Alfred Morel-Fatio (1850-1924) hispanista frantses handiaren ikasle, jarraitzaile eta ordezkoa izan zen Collége de France-n maisuaren azken urteotan (1920-1925); kadira horretan eman zituen gaztelaniazko klaseekin batera euskarazkoak, berau izanik ziur aski unibertsitate batean euskarari buruzko klaseak eman zituen lehena. Halaber, Baionako Societé des Sciences, Lettres et Arts-eko kidea, RIEVeko kolaboratzaile arrunta eta Eusko Ikaskuntzaren III. Biltzarrean (Gernika, 1922) partaide izan zen.
Jean Baptiste Daranatzek (1870-1945) haren artxiboaren berri ematen digu, gaineratuz haren alargunak Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitateari eman zizkiola dohaintzan, Saroihandi hango irakasle izan baitzen urtebetez eta unibertsitate horretan bai baitago mota horretako ikasketaren tradiziorik. Artxiboa oso-osorik digitalizatu da, jatorrizko ordenamenduari segituz. Dena den, aipatu beharra Daranatzek materialei buruz ematen dizkigun berriak ez direla oso zehatzak eta bigarren eskutik hartuak diruditela.
Artxiboa, hiru multzo nagusitan
Bordelen gordetzen diren Jean Saroihandiren artxiboko paper guzti-guztiak digitalizatu dira, jatorrizko ordenamendua eta sailkapena hertsiki errespetatuz. Dauden hutsuneak jatorrizko artxibokoak dira.
Artxiboa bera, eta ondorioz bertsio digital hau ere, hiru multzo nagusitan banatuta dago: Fitxak, Kaierrak eta Dosierrak. Multzo bakoitzaren barruan hiru azpimultzo daude: Basque, Gascon eta Espagnol.
Azpimultzo bakoitzean dokumentuak unitate txikiagotan bilduta daude, horietako bakoitzak hitz-gako bat duelarik (B-12, G-9, E-7 eta abar).
Guztira 74.000 irudi dira, horietatik 66.000 fitxak dira eta gainetikoak kaierrak eta dosierrak. Gutxi gora-behera heren bat euskarari dagokio.
Jabetzari buruzko oharra
Jean Saroihandiren artxiboa haren alargunak eman zion dohaintzan Bordeleko Michel de Montaigne (Bordeaux III) Unibertsitateari eta, beraz, haren jabetzapekoa da. Jatorrizko dokumentuak biblioteka horretan kontsulta daitezke.
Bertsio digital hau Euskaltzaindiak egin du eta soil-soilik ikerketa helburuetarako erabil daiteke, beti ere iturria aipatuz, bai Michel de Montaigne Unibertsitateari dagokionez, bai Euskaltzaindiari dagokionez.
Debekatuta dago helburu horretatik kanpoko erabilera oro.
Jean Saroihandiren eskuizkribu batzuk 5,70 Mb
Gara egunkariak, apirilaren 1eko edizioan, honen berri ematen du. Sakatu honen gainean albistea ikusteko.