Egileak aurkeztu du, José Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak eta Julen Calvo Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako zuzendariak lagunduta.
Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sustatu duten edizio berri hau “Mendaur” bildumaren barruan kaleratu da, 6. zenbakia da.
Axularren Gero (1643) liburuak, 1976an Luis Villasantek azkenekoz argitaratu zuenetik, ez du jaso merezi duen arreta kritikoa.
Blanca Urgell filologoak (UPV/EHU) goitik behera berrikusitako testu bat aurkezten du, aurreko edizio guztiak zipriztintzen dituzten akatsetatik garbitua. Honetarako, testua osoki erkatu da hitzez hitz 1643ko princeps edizioaren ale on batekin, eta pasarte ilun edo zalantzazkoetan baita beste bi alerekin eta bi edizio esanguratsurekin ere: Manuel Lekuona (1954) eta Villasanterenarekin (1976).
Argitaratzaileak testua ezartzerakoan ontzat eman du Patxi Salaberri Muñoaren hipotesia, alegia, 1643ko ale batzuetan dauden eskuzko zuzenketak inprentako zuzentzaile batek egindakoak direla eta, beraz, Axularren jatorrizko eskuizkribuaren irakurketa zuzenak direla.
Testu klasikoa lasai irakurtzeko pentsatua
Gainerakoan, edizio berria Villasanteren edizioaren espirituaren ildotik egina da, hots, testu klasikoa lasai irakurtzeko pentsatuaz. Honegatik, Axularren liburua gaurko grafian emana da, gordetzea merezi duten ezaugarri zahar batzuk gorabehera, eta irakurlea oztopa lezakeen zeinu edo markarik gabe.
Edizio berri honen oinarri gisa egindako lan kritikoan interesa lukeenak liburuaren amaieran “testu-oharrak” izenekoak aurkituko ditu, hots, edizioaren aparatu kritikoa; bertan azaltzen dira princeps-arekiko aldaketak oro, eta argitaratzailearen iritziz oraindik ere zalantzazkoak diren pasarteak seinalatzen dira. Aparatu kritikoak testua finkatzeko erabili diren Gero-aren ale eta edizio ezberdinen irakurketak ere jasotzen ditu banan-banan.
Halaber, Geroko gero Axularren liburuaren bigarren argitalpen datagabearen aldaketa garrantzizko guztiak ere islatzen dira lehendabizikoz. Testuaren hizkuntz ezaugarrien bidez Urgellek erakusten du argitalpen horren arduraduna egiantz handiz XVIII. mende hasierako kostako lapurtar apaiz bat izan zela.
Urgellek dioenez, edizio hau ez da, eta ezin izan daiteke, Axularren testuari buruzko azken hitza: aitzitik, edozein hizkuntzatako klasiko handi guztiek bezala, begi kritiko gehiagoren beharra du eta euskal filologiaren garaian garaiko estandarren zorroztarria behar litzateke izan.
Dena dela, ez dago dudarik edizio hau jatorrizko testuaren berrezarpenean eta haren testu-historian aurrerapauso esanguratsua dela. Ororen gainetik, hala sustatzaileeek nola argitaratzaileak nahi lukete edizio berri hau akuilu izatea gaurko irakurleek begiak bihur ditzaten euskararen idatzizko erabileran gure maisuen maisu izan den idazle nafarraren idazlan bikainera.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.