Larunbatean Burlatako Kultur Etxean izanen den emanaldia aurkeztu da gaur Euskaltzaindiaren Iruñeko ordezkaritzan. Bertan izan dira Andres Iñigo eta Sagrario Aleman euskaltzain nafarrak, Mari Paz Arizkun Paz de Ziganda helduen abesbatzaren zuzendariarekin batera. “Euskaltzaindiak euskal gizarte osoarekin batera ospatu nahi izan du bere mendeurrena, eta Mende berria kantuz horren adibide garbia da”, gogoratu du Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak. Bide batez, azken hilabeteotan mendeurrenaren karira eginikoak eta gertatutakoak errepasatu ditu, labur-labur: 10 jardunaldi akademiko, 8 argitalpen, bi erakusketa, 7 ekintza artistiko-kultural, sare sozialetan eta webguneko erabiltzaileen artean izandako gorakada nabarmena... “Euskaltzaindia euskal gizarteak bultzatu zuen duela ehun urte, eta azken urte honetan konturatu gara gizartearen hauspoa badugula, beraz, jarraituko dugu lanean, euskara sustatu eta aitzinatzen”.
Mari Paz Arizkunek kontzertuaren nondik norakoak agertu ditu komunikabideen aurrean: “Kontzertu berezia da, publiko zabalarentzat pentsatua. Errepertorio martxosoa prestatu dugu, gutxitan entzuten dena. Nik uste jendeak asko disfrutatuko duela eta gazteek ezuste handia hartuko dute, kanta horiek guztiak ezagutzen dituztelako. Gainera, euskara zabaltzea du helburu kontzertu honek, eta musikaren bitartez eginen dugu. Ba al dago modu hoberik?”.
Oraingoan, Hilarion Eslava zikloaren baitan programatu da Mende berria kantuz, eta badago sarrerak aurretiaz erosteko aukera. Hain zuzen, hemen: https://labur.eus/0pg3W