Egituratzeari dagokionez, papereko argitalpenaren ikuspegitik TEIn kodetutako sarrera bakoitzaren elementu guztien (informazio lexikografikoa, adierak, azpiadierak, adibideak, definizioa,...) egituratzera pasatu da, tratamendu informatiko askoz ere aberatsagoa ahalbidetuz.
Hauek dira bilaketarako berrikuntza nagusiak: azpisarreretan, definizioetan edo sarreraren testu osoan bilatu ahal izatea. Horiekin batera, gainera, karaktere-ordezkapenak ere egin daitezke, hitz-hasierak zein -bukaerak eskatuta, esaterako, bai eta distantziako bilaketak eginda ere.
Emaitzetan sarrerari buruzko informazio osagarria eskaintzen da, emaitza hobeto kokatu eta ulertu ahal izateko: laburduren azalpenak, sarreraren egitura, sarreraren barruan nabigatzeko aukera, etab.
Adibidetegia ere kontsultagai dago. Orotariko Euskal Hiztegiaren balio handienetako bat sarrerak dokumentatzeko erabili diren adibideak dira, ia corpus gisa erabil daitezkeenak. Orain, adibide horien bilaketa aurreratua egin daiteke, emaitzak mendearen, euskalkiaren, obraren edota egilearen arabera iragazita, hala nahi bada. Forma baten erabilera idatzi historikoa aztertzeko bide ezin hobea da hau.
Hiztegia lantzeko ingurunea ere garatu da, zuzenketak eta osatze-lanak egin ahal izateko, etengabe eguneratuko baita. Alegia, ez da lan bukatua.
Zer da OEH?
Gogora dezagun Orotariko Euskal Hiztegiak euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jasotzen dituela. 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia eta 2005ean hamaseigarrena eta azkena. Euskaltzaindiak sarean jarri berri duena hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoaren seigarren argitaraldia da, eta urrats berri bat, 146.134 sarrera eta 56.781 azpisarrera biltzen dituena.