Bestalde, euskara aldaketa esanguratsuak barneratzen ari den honetan, ingurune digitala “egundoko baliabidea” dela nabarmendu du euskaltzainburuak, “Akademiak ezinbestekoa duelako inguruan gertatzen dena ezagutzea, eta hizkuntzaren estandarizazioan egindakoa neurtzea”.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Euskara eta Kultura sailburuak harago jo du: “Izaki digitalak gara eta izango gara”, eta errealitate horri “abantaila ateratzea beste aukerarik ez digu ematen”. Euskara eta teknologia batzen dituzten baliabideen plangintza estrategikoa garatu beharraz mintzatu ostean, Zupiriak Euskal Wikipediari jarri dio fokua, “eredu bat edo lan egiteko modu bat eskaintzen duelako, hizkuntza-teknologiak sustatzeko bidean”. Zentzu horretan, Euskal Wikipediaren zifrak azaldu ditu. Besteak beste, iaz 30 milioi bisita izan zituela, 336.000 artikulu dituela eta munduko hizkuntzen artean 29.a dela. Alegia, “posizio onean dagoela, hizkuntza gutxitua izanik ere”. Proiektu horren guztiaren oinarrian, hizkuntza estandarrak “berebiziko garrantzia” izan duela nabarmendu nahi izan du.
Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Diputazioko Euskara arduradunak euskararen erabilerari eman dio arreta, “horixe delako denon erronka” eta jardunaldiak egin dezakeen ekarpena goraipatu du, “gazteak etorkizuna izanik, tresna guztiak eman behar zaizkielako”. Donostiako udalaren ordezkari Maria Jesus Idoitak ere ildo beretik jo du, eta “ingurune digitalek ematen duten ikusgarritasuna” baliatu beharrari ez ezik, “sareak eskolan ikasitako hizkuntza modu lasaiagoan erabiltzeko” ematen duen aukerari egin dio azpimarra.
Corpusa digitalki sortzen jarraitzeari begira, Euskaltzaindiaren lana “estrategiko” jo du Ander Aizpuruk, Kutxa Fundazioaren izenean. Hain zuzen, “euskarari estatusa, prestigioa eta erakargarritasuna” emango diolako eta “hiztunak irabaziko dituelako”.
Hizkuntza-baliabide guztien integrazioa
Eguneko hitzaldi mamitsuenetako bat Andoni Sagarna ingeniari, kultur eragile eta euskaltzain osoak eskaini du. Euskararen estandarizazioan baliabide digitalak nola erabili izan diren errepasatu ditu lehenik. Tartean, Ibon Sarasolaren lana eta Klaudio Harluxeten ekarpena gogoratu ditu, lehena, “euskarazko corpus bat informatika erabiliz arakatzeko lehen saioa” egin zuelako, eta bigarrenak, irtenbide ez-konbentzionalak proposatzeko argitasuna izan zuelako: “1980ko hamarkadan, UZEIk lanerako sistema informatiko propioaren beharra antzeman zuenean, halakorik lortzea ezinezkoa zela esan zioten informatika-aholkulari guztiek. Denek, Klaudio Harluxetek izan ezik. Neurrira kodetutako datu-base bat prestatu zuen”.
Euskaltzaindiaren ametsa “erreferentzia-corpus handi, orekatu, lematizatu, etiketatu eta linguistikoki notatua izatea da”, Sagarnaren ahotan, “eta badu esperantza amets hori hezurmamitzeko”. Bide horretan, “erronkei gogotsu ekinez gero, abaguneei etekina” ateratzen zaiela garbi du Sagarnak, eta halaber, “hizkuntza-baliabide guztien integrazioa” bilatu behar dela. “Gurpilak ez du gelditu behar”, esan du azkenik, “aitzitik, teknologiaren abiadura gero eta handiagoari jarraitzeko, azeleratu egin beharko da”.