1941-04-28: 36ko gerraren osteko lehen batzarra egin zuen Euskaltzaindiak.
1942-10-29: Federiko Krutwig euskaltzain urgazle izendatu zuten, historiako gazteena, 21 urterekin.
1947-11-29: Federiko Krutwig euskaltzain oso izendatu zuten, historiako gazteena, 26 urterekin
1949-06-25: 36ko gerraren osteko jendaurreko lehen ekitaldi solemnea egin zuen Euskaltzaindiak, Juan Miguel Seminario de Rojas euskaltzain oso izendatu zutenean.
1949-09-01: Aurretik Resurreccion Maria Azkuerekin, Aingeru Irigarairekin, Julio Urkixorekin eta Nazario Oleagarekin kontsulta egin ondoren, data horretan sinatutako gutun batean aurkeztu zuen Federiko Krutwigek Euskaltzaindia berritzeko proposamena, zazpi puntuk eta eranskin batek osatua. Garrantzitsuenetako batzuk onartu egin ziren.
1949-11-25: 36ko gerraren ostean lehen aldiz izan zen Ipar Euskal Herriko ordezkaririk Euskaltzaindiaren batzar batean, zehazki Piarres Lafitte, Jean Elizalde eta Louis Dassance. Hala ere, 1959an hasi ziren normaltasunez parte hartzen.
1950-10-30: Julio Urkixo hil zen, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat. Haren heriotzaren ondoren, Krutwigek hala proposatuta, akademiaren batzarrak euskaraz egiten hasi ziren.
1951-11-09: Resurreccion Maria Azkue hil zen, Euskaltzaindiaren bultzatzaile nagusia sorreran eta lehen euskaltzainburua.
1952-05-23: Luis Villasante euskaltzain osoaren sarrera hitzaldiari emandako erantzunean, Federiko Krutwigek gogor kritikatu zuen Eliza Katolikoa, Bilbo eta Donostiako gotzaindegiak bereziki, euskara baztertzeagatik beren jardunean. Adierazpen horien ondorioz, erbesteratu egin behar izan zuen.
1952-11-03: Inazio Maria Etxaide izendatu zuten euskaltzainburu. Hala ere, 1953ko apirilaren 24ra arte ez zuen sinatu euskaltzainburu gisa, euskaltzainburuorde gisa baizik, eta geroago ere, 1955eko otsailaren 25ean, berriro euskaltzainburu gisa sinatu zuen; azkenik, 1957ko ekainaren 28tik aurrera, hil arte, euskaltzainburu gisa sinatu zuen.
1953-04-24: Antonio Maria Labaienek Euskera agerkaria, Euskaltzaindiaren buletina, berriro ere abian jartzen ahalegintzea proposatu zuen.
1954-08-27: Euskaltzaindiaren araudiaren berriztapena onartu zen.
1954-12-03: 36ko gerrak eta gerraosteak eragindako etenaldiaren ostean, Euskera agerkaria argitaratzeko baimena berreskuratzen du Euskaltzaindiak. Aurretik, 1953an, zenbaki bat kaleratu zuen baina aldizkariaren 1920-1937 aldiko artikuluen aurkibidea besterik eskaini gabe.
1956-06-10: 36ko gerra osteko lehen ekitaldi publikoa antolatu zuen Euskaltzaindiak, ekitaldi artistiko-kulturala Bilboko Arriaga antzokian. Urte bereko abenduan eta hurrengo urteetan beste hainbat antolatu ziren, arrakasta handiz gehienak.
1956-07-27: Concha Goiri eta Angeles Egidazu Bilboko laguntzaileen izenean, euskararen aldeko ekintzak Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean izan zitezela eskatu zen, bereziki irakaskuntzakoak eta haur hezkuntzakoak.
1956-09-14/16: Euskaltzaleen Biltzarra egin zen Arantzazun, Euskaltzaindiak antolatuta. Hizlarien artean, Luis Villasante, Damaso Intza, Piarres Lafitte, Nazario Oleaga eta Koldo Mitxelena izan ziren. Batzarkide asko bildu zen.
1956-09-28: Arantzazun egindako biltzarraren ondorio gisa, euskara bultzatzeko kultur taldeekin batera zabaltzeko gutuna onartu zen.
1956-12-30/1957-01-06: Resurrecion Maria Azkueren omenezko jaialdi artistiko-kulturala antolatu zuen Euskaltzaindiak Bilboko Coliseo Albia antzokian.
1957-06-28: Inazio Maria Etxaidek izendapen formala jaso zuen euskaltzainburu gisa.
1958-08-24: Balendin Enbeitak irabazi zuen Euskaltzaindiak antolatutako aurreneko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala.
1959-04-02: Euskaltzaindiaren Agiria euskal itzei buruz argitaratu zen. Agiri horretan, akademiak “eskubide osoz” erabilgarritzat jo zituen “erdaratikakoak” diren hitz asko. Aurkako erreakzio asko sortu zituen agiriak.
1959-06-25: Joan XXIII.a aita santuari Eraimun Olabideren Itun Zâr eta Berria (1958) itzulpenaren ale bat bidali zion, opari gisa, Euskaltzaindiak Vatikanora.
1959-11-08: Manuel Olaizola Uztapidek irabazi zuen Euskaltzaindiak antolatutako aurreneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala.
Euskaltzaindiaren historia (kronologia bat): 1937-1959
- 1937-12-06: Resurreccion Maria Azkue Espainiako Institutuaren sorrera ekitaldian izan zen, Salamancan.
- 1941-04-14: Data horretan sinatutako gutun batean, Resurreccion Maria Azkuek adierazi zion Policarpo Iraizotzi Euskaltzaindia berriro abian jarriko zela, hilaren amaieran egindako batzar batean, Francoren diktadurapeko Bizkaiko Aldundiaren baimenarekin.