1921-03-07/08: Lehen aldiz egin zuen batzarra Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herrian. Hazparneko herriko etxean egin zuen, Pierre Broussain zena gogoratuz.
1921-06-27: Data hori du Resurreccion Maria Azkuek Erizkizundi Irukoitza zeritzon inkestaren galdetegiari idatzi zion hitzaurreak. Inkesta horrek euskarazko fonetikari, morfologiari eta lexikoari buruzko datu ugari bildu zuen, hurrengo urteetan, Euskal Herri osoan zehar.
1921-09-04/08: Lehenengo Euskalegunak antolatu zituen Euskaltzaindiak, Durangon: hitzaldiez gain, antzerki eta dantza emanaldiak, pilota oartidak eta ganadu azoka egin ziren, bestak beste.
1923-07-24: Luis Eleizalde hil zen, Resurreccion Maria Azkueren laguntzaile garrantzitsuenetako bat Euskaltzaindia sortzeko lanetan eta akademiaren lehen idazkaria.
1923-08-07/09: Bigarren Euskalegunak antolatu zituen Euskaltzaindiak, Donezteben.
1923-09-13: Miguel Primo de Riverak estatu kolpea eman eta diktadura ezarri zuen Espainian. Diktadura horretan, murrizketa handia izan zuten Euskaltzaindiaren diru-laguntzak eta ekimenek. Espainiako II. Errepublikaren garaian ere –1931ko apiriletik 36ko gerrara bitarte– ez zuen Euskaltzaindiak egoera asko hobetzerik lortu.
1923-09-16: Miguel Primo de Riverak estatu kolpea eman eta hiru egunetara, egoeraren larritasunaz jabetuta, Resurreccion Maria Azkuek eta Nazario Oleagak gutun bat igorri zioten Bizkaiko gobernadore zibilari –ez Euskaltzaindiaren izenean, baina akademian zuten kargua adierazita–, beren buruak eskainiz euskarazko liburuen zentsore izateko.
1923-11-29: Egoerak hartara behartuta, zentsore lana egin zuen Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburuak Espainiako Armadarentzat, jakinik horrek euskal liburu gutxi batzuk baztertuz gehientsuenak salbatzen lagunduko zuela.
1927-03-10: Espainiako Errege Akademiako (RAE/ Real Academia Española) kide izendatu zituzten Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburua eta Julio Urkixo euskaltzain oso eta Euskaltzaindiko liburuzaina, “sección vascongada” zeritzonaren ordezkari gisa.
1928-01-26: Euskaltzaindiak erabaki zuen hitz berriak sortzea eta bultzatzea idazleen eta herriaren zeregina izango zela, ez Euskaltzaindiarena berarena.
1928-12-30: Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburuak sarrera hitzaldia irakurri zuen Espainiako Errege Akademiako (RAE/ Real Academia Española) kide gisa.
1929-11-24: Julio Urkixo euskaltzain oso eta Euskaltzaindiko liburuzainak sarrera hitzaldia irakurri zuen Espainiako Errege Akademiako (RAE/ Real Academia Española) kide gisa.
1932-10-27/28: Resurreccion Maria Azkueren ekimenez, Euskaltzaindiak euskal izendegia aztertzea erabaki zuen. Sabino Arana Goiriren jarraitzaileen aurkako erreakzio gogorrak eragin zituen erabaki horrek, Estepan Urkiaga Lauaxeta-rena eta Bizkai Buru Batzarrarena besteak beste, haien ustez Arana Goiriren izendegia errespetatu behar zelako.
1932-11-09: Nikolas Ormaetxea Orixe-k Euzkadi egunkarian argitaratutako ohar baten bidez, Euskaltzaindiak adierazi zuen uko egiten ziola izendegia ofizialki aztertzeari.
1932-11-17: Orixe-k, Euskaltzaindia egiten ari zen hiztegiaren lanen arduradun gisa, “Iztegiaren aurreitz edo prologoa” irakurri zuen. Ezin izan zuten amaitu 36ko gerra gerra hasi baino lehen.
1936-07-03: Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskaltzaindiari laguntza emateko asmo sendoa agertu zion Resurreccion Maria Azkueri idatzi eta 36ko gerra hasi baino 15 egun lehenagoko dataz sinatutako gutunean.
1936-07-18: 36ko gerra hasi zen. Euskaltzain asko erbesteratu egin ziren eta akademiaren asmo eta lan guztiak bertan behera geratu ziren.
Euskaltzaindiaren historia (kronologia bat): 1920-1936
- 1920-01-7/8: Akademiaren euskarazko izena eta akademiako kideena ebatzi ziren: Euskaltzaindia eta euskaltzain; euskara hitza s letraz idaztearen aldeko hautua egin zen, eta sistema ortografiko osoa erabaki zen. Horrez gain, Ekin eta Yarrai hartu zuen Euskaltzaindiak lelotzat eta haritz gurutzeduna ikurtzat.
- 1920-04-27: Pierre Broussain hil zen, Resurreccion Maria Azkueren laguntzaile garrantzitsuenetako bat Euskaltzaindia sortzeko lanetan.
- 1920-12-29: Euskararen batasunaren gaia jorratu zuen monografikoki Euskaltzaindiak, oinarri nagusien artean Arturo Campionen eta Pierre Broussainen Informe a la Academia de la Lengua Vasca sobre unificacion del euskera hartuta.