Gramatikak garaian garaiko fruitu baldin badira, edota garaian garaiko linguistikaren egoera islatzen baldin badute, bidezkoa da galdera: XXI. mendean garen honetan, zeren ispilu izan behar luke euskal gramatikak? Nola egituratu beharko luke bere muina eta zer ekarpen egin beharko lioke hizkuntza komunitateari?
Bai Pello Salaburuk, baita Miren Azkaratek ere, lehena eta oraina alderatuz ekin zioten Gramatika batzordearen proposamen mardula –1.500 orri ditu– jendaurrean aurkezteari. Hiztegira joz gero, lehen, “hizkuntza bat zuzen hitz egin eta idazteko arauen multzoa” zen arren, gaurko definizioen arabera “hizkuntza jakin baten osagaien azterketa eta azalpena” dela azaldu zuen Azkaratek. Mentalitate aldaketa agerikoa da funtzioaren kasuan ere: Astarloa hizkuntzalariaren garaiko terminoetan eta helburuetan, “apologia egitea zen kontua”, euskal hizkuntza “jatorra eta besteak baino hobea” zela frogatzea. Horrela ulertu behar omen ziren hizkuntzaren arauak nahiz perpausak osatzeko tresnak”.
Honantzago etorrita, Gramatika batzordea sortu zeneko urteei erreparatu zien Salaburuk, alegia, 80ko hamarkadari eta orduko lan akademikoari: “Urte haietan Euskaltzaindia zen ia erreferentzia bakarra, eta neurri batean, apaizen lanean eta autodidaktismoan oinarritzen zen”. Gaur egun, ordea, ugariak dira erreferentziak “gizartea bera hainbeste aldatu baita”, Salaburuk dioenez. Bestalde, jakintza arlo guztietara zabaldu da euskara: “inoiz baino gehiago eta hobeki” idazten da, doktore tesi mordoa argitaratu da, espezializazio ugari dago, terminologia berezia eskatzen duten azterketak… “Horren ondorio, inoiz baino lan gehiago eta testu masa handiagoa dugu eskura, corpusetan bilduta”.
Aurkeztu berri den lana, hortaz, 1984tik hasi eta 2011ra bitartean plazaratutako Euskal Gramatika: Lehen Urratsak liburukiak ez bezalakoa da, “bai formaz, baita edukiz ere”, eta zuzenketez eta eguneratzeez gain, “atal oso-osoak” ditu berriak. Esate baterako, Euskararen bereizgarri orokorrak, Perpausa: sintagmak zer diren edota Gramatika Kategoriak.
Orobat, homologatzeko modukoa
Ikuspegi berriaren arabera, euskararen gramatika osagaien azterketa eta deskribapena izan zedin, “gaurko terminologian eta gaurko hizkuntzalaritza kontzeptuen bidez kontatu behar ziren azalpen horiek, eta batik bat, ondoko hizkuntzetan ulertzeko moduan”, Azkaratek dioen gisan. Bestela esanda, euskal gramatikak orain arte egindako ibilbide luzea “marko homologarri batera ekarri beharra” zegoen.
Euskararen Gramatika proposamenak bi ezaugarri azpimarragarri ditu, Salabururen aburuz. Batetik, “arauemailea da, baina ez arauak ematen dituelako; gramatika deskriptiboa izanagatik ere, norabide jakin bat markatzen duelako baizik”. Bigarrenik, “irekia” da, interesa izan dezaketenen arteko eztabaida sortu eta “kritika eta iritzia bildu nahi direlako”, Euskaltzaindiaren esku utzi aurretik. Izan ere, “Akademiari dagokio lan horrekin zer egin erabakitzea, ez Gramatika batzordeari”.
Gramatika batzordearen proposamenari alboko hizkuntzek eman zioten testuingurua, edo, zehatzago esanda, mende honetan plazaratu dituzten galego, katalan eta gaztelania gramatikek.
Gemma Rigau (Secció Filológica del Institut d'Estudis Catalans), Rosario Alvarez (Real Academia Galega, Santiagoko Unibertsitatea) eta Ignacio Bosque (Real Academia Española) norbere gramatikaren ezaugarriak xehatzen aritu ziren, Salaburu eta Azkarate bezala, historiaren gainbegiradatik abiatuta eta bertsio zaharrekiko konparazioz.
Su motelean
Katalanaren gaurko gramatika “instituzionala, kolektiboa eta adostua” dela azpimarratu zuen Gemma Rigauk, eta Joan Solà, obraren zuzendari eta Bartzelonako unibertsitateko irakasle izan zena, ekarri zuen gogora, haren hitzak bere eginez: “Gramatika hau belaunaldi berrientzat da; bagoazenentzat baino gehiago, badatozenentzat izan behar luke”. Kontsentsua bilatzen duen obra instituzionala –autore bakarraren obra ez den neurrian– “ezinbestean su motelean egina” behar duela azaldu zuen, eta linguistikaren aurrerapenak nahiz katalanaren gainean argitaratutako doktore tesiak, artikuluak eta monografiak kontuan hartzearen garrantziaz ere mintzatu zen. Gramatikaren nondik norakoak deskribatzen ari zela, sintaxiak garrantzi handia duela, perpausen doinuari arreta berezia eskaintzen diola eta preskripzioa deskribapenean oinarritzen duela azaldu zuen, besteak beste. Gainera, “zuzena/ez zuzena etiketak baztertzea, batzuek bertute eta besteek akats” jo dutela, baina edonola ere, erreakzio kontrajarriak “osasungarri” direla nabarmendu zuen, “obra hobetzen lagundu dezaketelako”, bereziki bertsio digitala prestatzen ari diren honetan.
Ezinbestean “su motelean” jardun beharrari jarri zion enfasia Rosario Alvarezek ere, galegoaren gramatika artean argitaragabeari heldu zionean. Proiektuak “deskribatzailea, neurri batean arauemailea eta aurreko gramatiken aldean aurrerabide handikoa” izan behar duela esplikatu zuen. Gainera, “zalantzak argitzea eta erabilera zuzena proposatzea” izan behar du funtzio nagusi, “hartzaile gehienak kultur maila batetik gorakoak bai, baina linguistak izango ez direnez”. Laburtuz, “gaurko galego estandarraren gramatika deskribatzailea, bereziki mintzairan oinarritua, dialektoez gaindikoa, tradizioan errotua, koherentea, harmonikoa eta erdarakadak baztertzen dituena” egituratzea dute helburu.
Denen hizkuntza edo hizkuntza komunak “albait galegoena” izan behar duela nabarmendu zuen Alvarezek, alboko hizkuntzekiko independentea. Gaztelaniari dagokionez, “irizpide puristak” jarri dira indarrean, eta portugesaren kasuan, antzekotasuna balio positibotzat jotzen da, betiere, forma galegoak ordeztera ez datorrenean. Bestalde, hiztunen corpusa idatziaren gainetik ezarri dutela azaldu zuen, “galegoz, hiztunak direlako tradizioaren ispilu sinesgarriena”. Beste irizpide batzuen artean, “espezialisten eztabaida teorikoak ekiditea, nornahik ulertzeko moduan deskribatzea eta adibide ugari eskaintzea” aipatu zituen Alvarezek.
Ignacio Bosquek arreta berezia eskaini zion bariazioari, Nueva Gramatica de la Lengua Española (2009) obra hizpide zuela. Gaztelaniaren 22 akademiak esku hartu zuten obraren idazketan eta “ez du Espainiako gaztelania vs Amerikakoa” aurkaritza oinarri, “gaztelania komuna vs diferentziala baizik”. Bosquek azaldu zuenez, gramatika horrek ez ditu auzi polemikoak saihesten, ikasle eta irakasleek erreferentzia gisa erabiltzeko sortua da, tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka bilatzen du, perpausen gramatikaltasuna eta zuzentasun soziala bereizten ditu eta “erabileren katalogoa baino gehiago, xehetasunen gramatika” izan nahi du. Bestalde, “deskriptiboa eta era berean arauemailea” dela azaldu zuen, “araua, deskribapenaren aldagaitzat hartzen delako”. Era berean, “arauak ez dira ezarri dituenaren autoritatean oinarritzen, prestigio sozialaren ebaluaketan baizik”, eta “begirunez emanak” dira, hau da, “baztertzea gomendatzen da” eta antzeko formulen bidez idatzirik datoz.
Esaldi argigarri batek eman zion amaiera Bosqueren hitzaldiari: “Gramatikak ez dira hizkuntza aldatzen delako soilik berritzen; hizkuntza ulertzen saiatzen diren linguistak aldatzen direlako berritzen dira batez ere”.
Azkenik, Gramatika batzordearen proposamenak euskalgintzako sektoreei ekar diezaiekeenaz aritu ziren Céline Mounole (unibertsitateko irakaslea), Juan Garzia (idazle eta itzultzailea), Iñaki Amundarain (DBH eta Batxilergoko irakaslea) eta Jesus Mari Makazaga (EHUko euskara zerbitzua), mahai-inguruan.
Ikuspegirik baikorrena Celinek agertu zuen, euskal ikasketetako irakasle nahiz filologo gisa onura handiak goraipatu baitzizkion obrari. Jesus Mari Makazagak ezinbesteko jo zuen gramatika eguneratua edukitzea aholkularitza lanetan. Iñaki Amundarainek, berriz, “inori ez zaizkio aldaketak gustatzen”, esan zuen, deklinabidea edota atzizkiak atzean utziko direla-eta, “baina aurrera begirakoa da garrantzitsuena”.
Juan Garziak “konplexutasuna hizkuntza guztiena eta bakoitzarena” dela nabarmendu zuen, eta “konplexutasuna ahalik eta modu errazenean azaltzea” dela gramatikaren lana. “Egunero testuak sortzen ari garenok ezin dugu zain egon”, jarraitu zuen, “euskararen berezitasuna tentagarria den susmoa dut, alegia, euskara erabiltzea munduari emateko, eta zain gaude, gero eta zientifistago diren teoria horietatik bueltan zer datorren”. Garziaren ustez, “bakoitza bere arloan ari diren horiek kontuan hartu beharko lukete premian dagoena euskara bera dela”, eta gure estrategiak, lanetan horrenbeste luzatu gabe, “apropiazioa” izan beharko lukeela.