Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien azken txanpan dator Gramatika jardunaldia eta arloko batzordeak urte luzetan ondu duen testua aurkeztea izan du helburu. Markoa, bestalde, galegoaren, gaztelaniaren eta katalanaren akademiek eman diote, bakoitzak bere gramatika osatzeko izan duen prozesuen berri emanez.
Jardunaldiak, baina, ezer nabarmentzekotan, mentalitate aldaketa nabarmendu du batik bat. Miren Azkarate euskaltzain osoaren hitzak baliatuz, “lehen, hizkuntza bat zuzen hitz egin eta idazteko arauen multzoa” zatekeen gramatika, gaur egun, berriz, “hizkuntza jakin baten osagaien (hotsen, formen, joskeren) azterketa eta azalpena” litzateke.
Pello Salaburu Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeburuak 80ko hamarkadaz geroztiko ibilbidea eta gorabeherak laburbildu ditu bere hitzaldian, duela 40 urteko eta oraingo lan moldeak alderatuz. Lehen urteetan, adibidez, “Euskaltzaindia zen ia erreferentzia bakarra, eta neurri batean autodidaktismoan oinarritzen zen. Egun euskaldunok anitz erreferentzia ditugu inguruan, gizartea bera hainbeste aldatu baita”.
Euskararen Gramatika arauemailea: proposamen bat
Gramatika batzordeak gaur aurkeztu duen lan mardula dela eta, bi ezaugarri nagusi dituela azpimarratu du Salaburuk. Batetik, “arauemailea” dela, baina ez “arauak ematen dituelako; gramatika deskriptiboa izanik ere, aldi berean norabide jakin bat markatzen duelako”. Bestetik, “lan irekia” dela nabarmendu du, “interesa dutenek eztabaida dezaten” bilatzen delako. Iritziak eta kritikak batu ondoren, hain zuzen, “Euskaltzaindiak erabaki beharko du lanarekin zer egin”.
Landu diren 1.500 orrialdeetan barrena “atal oso-osoak, guztiz berriak” ere badira. Esate baterako, Euskararen bereizgarri orokorrak edota Gramatika kategoriak atalak. Gainera, azken 30 urteetan hizkuntzalaritza teorikoan egin diren ikerlanak ere kontuan hartu dira, “homologarria izatekotan, ezinbestekoa delako”, Miren Azkarateren aburuz.
Gramatika berritu beharraren azalpenik esanguratsuena, galego, gaztelania eta katalanaren akademietako kideek osatu duten mahai-inguruan eman du Ignacio Bosquek (RAE): “Gramatikak ez dira soilik berritzen hizkuntza aldatu delako, hizkuntza ulertzen saiatzen garen hizkuntzalariok aldatzen garelako baizik”.