Euskaltzaindiak jardunaldi berezia antolatu du gaur argitaratu berri duen Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) adituei eta hizkuntzalariei aurkeztu eta azaltzeko. Honela, proiektuaren izaera, helburu, metodo eta lorpen garrantzitsuenen gehi ondoko urteotarako asmoen berri eman dute gaurko hizlari gehienek. Bide batez, alorrak inguruko eta urrutiagoko hizkuntza eta hizkuntza familietan diren zenbait kasu edo aurrekari aurkeztu dira, alor horietako goi-mailako bertoko zein kanpoko espezialista zenbaiten eskutik. Hiztegi berriaren argitalpenarekin "festa bat" ospatzen ari direla nabarmendu dute hizlari eta adituek.
Jose Antonio Pascualek (RAE) eta Reina Bastardasek (Bartzelonako Unibertsitatea )abiatu dute goiz parteko mintegia. Pascualek ongi etorria egin dio hiztegi berriari, eta lanaren onurak azpimarratu ditu: “Hiztegi etimologiko hau aztertzen dutenek ikerlan bikaina aurkituko dute, hizkuntza ezagutzeko baliagarri izango duten oinarri sendoak, hain zuzen, aitzineuskara bezala ezagutzen denaren oinarriak”. Reina Bastardasek Erromanikoaren Hiztegi Etimologikoaz (DÉRom) jardun du, haren metodologiak erromanikoaren etimologiari egin dion ekarpena azaldu duela, katalanaren kasua adibide jarrita. Erromanikoaren ikertzaileak luzaro tradizioari begira egon direla esan du, eta ikertzaile berriek hori dena hankaz gora jarri dutela aitortu: “Neu ere berandu konturatu nintzen metodo tradizionalen akatsekin”.
Ondoren, Joakin Gorrotxategi euskaltzain urgazleak etimologia, filologia indoeuroparra eta euskara uztartu ditu bere hitzaldian, edozenbat adibide jarrita eta datu bibliografiko eta bestelako erreferentzia ugari eskainita. Gorrotxategik gogoratu du zein garrantzitsua den filologia hiztegi etimologiko bat egiterakoan; “behar-beharrezkoa” dela nabarmendu du. Baita hiztegietan hitzaurre “luzeak eta sendoak” eranstea ere, “azaldu behar baita ondo nola egiten diren hiztegiak”.
Joseba Lakarra euskaltzain oso eta Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa egitasmoaren arduradunak proiektuaren onurak azaldu ditu bere berbaldian, baina aitortu du hiztegiak ez dituela eztabaidak saihestuko: “Alderantziz izango da, eztabaidagai gehiago izango dugu, baina ikerketa on guztiek horretarako balio dute, ezta? Hots, arazo berriak sortzeko”.
Lakarrak aurreratu du aberats gertatu dela EHHE-200en egin den protohistoriaren azterketa zabala: “Orotariko Euskal Hiztegitik harago doa eta, asko edo gutxi, ia beti aurreratu dira lehen lekukotasunak eta ugaldu azterketa diakronikorako ezinbesteko diren aldaera ezezagun edo gutxi ezagunak; orobat, berritu dira sarri hedadura dialektal zaharrez genituen usteak". Gogoratu du, gainera, EHHE euskararen historia aztergai duten ikertzaileentzat idatzia dela bereziki; halere, onartu du “gainerako filologo eta hizkuntzalariek aurki dezaketela –lan apur batekin- bere intereseko ezagutzarik lan honetan”. Azkenik, Julen Manterolak hiztegiaren beraren barruak erakutsi ditu: azaldu du nola eta non begiratu behar den, hiztegian ageri diren ikurren garrantziaz jardun du eta atzeko partean datorren hitzen aurkibide orokorra hitzak bilatzeko oso baliagarria dela adierazi du (bestela, familiaka bilduta baitaude).