Euskararen Akademiak goitik behera eraberritu duen Euskara Ibiltaria erakusketa Bermeoko Arrantzaleen Museora (Bizkaia) heldu da. XX. mendearen 80. hamarkadan heldu zion Euskaltzaindiak euskararen hizkuntz-atlasa egiteari; orduantxe abiatu zen gaur egun Euskararen Herri Hizkeren Atlasaizenez ezagutzen den egitasmoa. Euskal gizartearen eskutik jaso zen altxorra eta jakituria egitasmo hau lantzeko, eta orain, jasotako guztia da Euskaltzaindiak euskal gizarteari itzultzen diona.
Euskara Ibiltaria 2015. urtean EHHAtik sortu zen erakusketa da, baina Arrantzaleen Museoan aurkeztu denak zerikusi txikia du orduko hartan egin zen proiektuarekin; erakusketa eraberritu eta interaktiboa da Bermeon erakusten dena, material berriz osatutakoa eta bisitariaren parte-hartze zuzena sustatzen duena. Zentzumenak baliatuz, euskararen hitz eta hotsekin jolastu, ikasi eta entretenitu ahal izango du bisitariak. Erakusketa honetan “euskara entzun egin daiteke, irakur daiteke, uki daiteke eta usaindu egin daiteke”, esan du Xarles Videgain Herri Hizkeren Atlasaren arduradunak. Bere aldetik, Amaia jauregizar Euskaltzaindiko teknikariak azpimarratu du elkarlanean egindako egitasmoa dela hau ere: "Euskaltzaindia bere sorreraren mendeurrena ospatzen dabilen urte honetan ez da Euskara Ibiltaria lagun eta laguntzaile faltan izan, eta horiek eman ohi duten babesarekin lortu da erakusketa benetan koskortzea eta indartzea". Aritz Abaroa Bermeoko alkateak ere bere poza erakutsi du agerpenean: "Erakusketa honekin gure hizkuntzak daukan aberastasun handiaz gozatzeko aukera izango dugu, bai bermeotarrok eta baita ere bertora bisitan datozkigunak”. Alkateak aipamen berezia egin dio Herri Hizkeren Atlaseko mapan Bermeo kokatzea lortu duen Txomin Bilbao bermeotarrari, bera izan baita “gure euskararen ahotsa; bera izan da bermeotarron ordezkaria”. Era horretan, hasiera-ekitaldian Txomin Bilbao zoriondu du, egindako “ahaleginagatik”. “Zure borondateari esker, ikerketa-lan honetan geure tokia bermatuta daukagu”, adierazi du Abaroak. Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kulturako foru diputatuak ere erakusketa honen balioa nabarmendu du: "Euskararen kolore desberdinak daude hemen, gure hizkuntza oso aberatsa dela erakutsiz". Eta, azkenik, Jose Ramón Renteria Laboral Kutxako ordezkariak hitz egin du: "Guretzako ohore bat izan da eta da Euskaltzaindiarekin era honetako egitasmoak partekatzea, garai onetan zein txarretan egin dugun elkarlana. Proiektu hau zoragarria da, lan izugarria egin baita Atlasarekin, eta Atlasa da erakusketaren oinarria. Itzelezko lana, kaleratu behar dena. Hori da erakusketa honen helburu nagusia, gure hizkuntzaren altxora erakutsi eta zabaltzea".
Zentzumenekin jolastu
Honela, Euskararen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako Euskara Ibiltaria Bermeoko Arrantzaleen Museoan erakutsiko da, gaurtik hasi eta irailaren 17ra arte. Hauek dira erakusketa berrituaren ezaugarri nagusiak:
- Orain arteko panelez gain, hainbat berrikuntza izango ditu:
- Teknologia berrien erabilera sustatuko da.
- Zentzumenekin jolastuko da bisitaria: ikusi, entzun eta usaindu.
- EHHAko mapa eta hitzekin jolastu ahal izango da: 3 joko egongo dira (gehi laugarren bat, QR kodeen bitartez erabiltzeko).
- Bisitariarentzat erronkak egongo dira eta gainditzen dituztenen artean sariak zozketatuko dira.
- Herri desberdinetako ahotsak entzun ahal izango dira:
- Herriz herri jasotako erantzunak entzungai egongo dira.
- Zenbait herritako pasarteak entzun eta irakurtzeko aukera egongo da.
- Erakusketa lau hizkuntzatan egongo da (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa).
Herri Hizkeren Atlasa: X. liburukia
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (#EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galdesorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.
Galdeketa horien azken emaitzaz, X. liburukia aurkeztu da aurten II. Nazioarteko Dialektologia biltzarraren baitan. Azken liburukiak 239 mapa erakusten ditu, ondorengo gaiak jorratu direla: jokoak, kirolak, bertuteak eta bizioak, gorputzeko gabeziak, larruazaleko gaitzak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte-bizitza, ahaidegoa, erlijioa, sinesteak, lana eta beharginak.