Han-hemengo esperientziak hurreratzeko ez ezik, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen urtetako ahalegina jendaurrean aurkezteko balio izan zuen nazioarteko jardunaldiak. Ekainaren 14an, Euskal Onomastikaren datutegia, Pertsona izendegia eta Karrika izenen eskuliburu berrituak plazaratu ziren, hurrenez hurren. Aurrez, ordea, Patxi Galé euskaltzain urgazlea Euskal Corpus Onomastikoaz mintzatu zen luze-zabal. Alegia, batzordeak lan-tresna gisa sortutako datu-baseaz eta haren ustiaketaz, helburuez eta mugez.
Kopurutan esanda, Euskal Corpus Onomastikoak berritze-lanen aurretik 12.000 deitura, 5.000 pertsona-izen eta 255.000 leku-fitxa zituela azaldu zuen Galék, eta erregistro horien lagungarri edo oinarri, beste ia bi milioi lekukotza idatzizko nahiz ahozko.
Horietarik askok oniritzia edota “arau maila” dutela azaldu zuen Galék, baina kopuruak kopuru, “eginda dagoena baino askoz gehiago” dagoela egiteko ere nabarmendu zuen. Erronken artean, datutegia kudeatzeko “sistema industrialago” baten premia agertu zuen Galék, hau da, “produkziorako egokiagoa izango den lan-sistema” diseinatu beharra, eta halaber, “barruan dagoen informazioari bere balio potentzial osoa” ateratzen lagunduko duena. Bestalde, egitasmoaren “helburu urruna” zehaztea komeniko litzatekeela azaldu zuen, “Euskal Hiztegi Onomastikoaren gisako zerbait, adibidez”. Horrez gain, “eragile nahiz tekniko espezializatuez osatutako lantalde-egitura” abiarazi beharraz mintzatu zen, arautze-lana eten behar izan gabe, jakina.
Euskal Corpus Onomastikoak (ECO) Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) du informazioa gizarteratzeko tresna, eta Euskaltzaindiak nola edo hala ontzat emandako datuak erakusten ditu bertan, webgunean. EODA berrituak, onetsitako erregistroez harago, “kalitate oneko lanetatik” iritsitako arautze-proposamenak ere batzen ditu, eta horri esker, nabarmen haziko da informazioa, bereziki toki-izenei dagokienez. Halaber, erregistroak ilustratzen, osatzen eta oinarritzen dituzten datu dokumentalak ere kontsultagarri jartzea izan dute helburu, bai eta bilaketarako tresna bereziak eskaintzea ere.
Izendegi ireki eta dinamikoa
Jakin-minik handiena pertsona-izendegiak sortu zuen, izenei legez ezarri beharreko genero markek eragin izan duten ezadostasun eta oztopoengatik, batez ere, eta hain zuzen ere, izendegiaren ezaugarri nagusiak eta iturriak aipatu ostean, bete-betean heldu nahi izan zion gaiaren inguruan onartu duten aldaketari Paskual Rekalde euskaltzainak. Hitz arruntetatik eta toponimoetatik hartutako pertsona-izenen sexu-bereizketa tradizioari jarraiki egin dela argudiatu zuen; salbuespenak salbuespen, “kontsonantez eta -i, -o eta -u bokalez amaitutakoak gizonezkoak eta -a eta -e bokalez amaitutakoak emakumezkoak” direla errateko. Hemendik aitzina, ordea, genero-markarik gabeko izenek hirugarren multzo bat osatuko dute, “izen epizenoak” deitua. Tartean agertuko dira Adats, Amets, Haize, Iraultza eta antzeko izen arruntak; eta Abodi, Aiuri, Amaiur, Araitz, Gorbeia, Joar, Larraine, Luzaide eta antzeko leku-izenak.
Bestalde, gaztelaniazko eta frantsesezko ordainak zuzendu eta zenbait kasutan ingelesezkoak ere eman direla azaldu zuen Rekaldek, eta Euskaltzaindiak, erakunde aholku-emailea izaki, euskal izentzat emandako adibide berrien ziurtagiriak bideratuko dituela ere agindu zuen.
Horrez gain, izen txikigarriak edo hipokoristikoak emendatu izana baieztatu zuen Rekaldek. Lehendik bazirenei (Anuntxi, Bixenta, Inaxio…) berriak batu zaizkie, beraz: Xarles, Joxe, Battittu, Felixa, Ixabel… Izendegi berrituak “aldaketa kualitatiboa eta kuantitatiboa” dakarrela nabarmendu zuen Rekaldek, baina, batez ere, “irekia eta dinamikoa” izango dela.
Alfontso Mujikak, azkenik, Odonimia hartu zuen hizpide, alegia, karrikak eta bide, plaza, errepide, pasealeku nahiz baliokideak izendatzeko arloa. 1998an lehen irizpideak ematen hasi zirenetik, Onomastika batzordeak 6.000 karrika-izen baino gehiago aztertu dituela azaldu zuen Mujikak, eta 20 urteko ibilbidean, “izendapen bereziak aurkitu ahala, irizpideak zorroztu beharrean” aurkitu direla gaineratu.
Odonimoen datu-baseak dituen eremuak esplikatu ostean, kaleak nahiz kideak izendatzerakoan gogoan hartu behar izaten diren zenbait aholku aipatu zituen, betiere, Nazio Batuen erakundeak emandako irizpideei jarraiki. Esate baterako, “ez izendatzea karrika edo plaza bat bizirik dagoen pertsona baten omenez, ezta hil berrien omenez ere”, edo “eremu jakin batera gehiegi ez lerratzea eta oreka bilatzea”. Herri berean, izen bera duten kaleak ekiditea, hau da, “unibokoa izatea” ere kontuan hartzekoa dela nabarmendu zuen, eta baita izendapenaren luzera ere. “Jose Antonio Agirre Lekube Lehendakariaren parkea” bezalakoak saihestea komeni da, edo ahal dela laburtzea (Jose Antonio Agirre parkea edo Agirre Lehendakariaren parkea). Onargarritasunari ere erreparatu behar zaiola azaldu zuen: “Ez litzateke izen gordinik, barregarririk edo diskriminatzailerik onartu beharko”.
Bestalde, hizki larriak nola erabili, hitz-elkarketara jo behar den, nongo nahiz noren/zeren noiz erabili, leku-izen konposatuak nola eman edota Euskal Herriko izena ez denean zeren arabera idatzi behar den eta beste hainbat zehaztapen ere azaldu zituen. Pertsona izena daramaten odonimoen kasuan, euskal grafia noiz erabili behar den azaltzen ere saiatu zen. “XX. mendea baino lehen zendutako Euskal Herriko pertsonen deiturak idazteko, euskal grafia akademikoa erabiltzea gomendatzen dugu”. Gerora zendutakoen kasuan, zabalik uzten da irizpidea, “pertsona horrek erabilitako grafia har daiteke, bai eta, aldaerak daudenean edo grafia zalantzazkoa denean, euskal testuetan pertsona hori izendatzeko erabilitako grafia ere”.
Kaleari edo plazari izena emango dion pertsona oso ezaguna bada, “logikak grafia bera erabiltzea” eskatzen duela aipatu zuen, “adibidez Koldo, Mitxelena idaztea beti, eta ez Michelena, bi idazkerak erabili zituela jakina izanagatik ere”. Ponte izenak, berriz, “ez dira euskarazko izen baliokideez ordeztuko”. Pablo Gorosabel hobetsiko dela, alegia, ez Paulo.
Beste hainbat irizpide ere azaldu zituen Mujikak, besteak beste, gertaera historikoei loturiko gertaerak, erakundeak, kultur edo kirol elkarteak, lanbideak, erlijio-ordenak, garaiak, substantziak, landare edo animaliak eta beste hainbat arautzera datozenak. Denak ala denak Euskaltzaindiaren webgunean jarri dira kontsultagarri.