Euskaltzaindiaren Nazioarteko Onomastika jardunaldiak onomastika-ondarea babesteko eta gizarteratzeko esperientziak hartu ditu mintzagai bere lehen egunean, eta arreta berezia ipini die bretoi, gaskoi, katalan eta galego hizkuntzei. Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkezpeneko hitzetan nabarmendu duenez, “kanpoan zertan ari diren ikasi nahi da, komeni bada, gurean aplikatzeko, jakinik betiere, gure egoera gurea dela, ezberdina, eta guretik abiatuta egin behar dela lan”.
Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, Onomastika jardunaldia Arabako hiriburuan antolatu izana nabarmendu du, hain zuzen ere, “garrantzi handia eman zaiolako beti euskal toponimiaren berreskuratzeari”, eta bioaniztasunaren defentsaren baitako lan gisa hartu du euskal hizkuntza sustatzeko eta suspertzeko ahalegina. Eusko Jaurlaritzaren ordezkari Joseba Lozanok eta Arabako Foru Aldundiko kide Joseba Perez de Herediak administrazioen parte hartze aktiboa azpimarratu dute, berreskurapen lanetan nahiz gizarteratze prozesuan Euskaltzaindiaren eskutik joateko erakutsi duten ardura gogora ekarriz.
Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzaina Onomastika batzordearen ibilbideaz, funtzionamenduaz eta egungo egitekoez aritu da, diziplinak berak daukan erantzukizuna nabarmendu ostean: “Gure arbasoek lagatako ondarea jasotzea, egonkortzea eta hedatzea dagokigu, eta egungo zein bihar-etziko belaunaldien eskura egoki uztea”.
Toponimia gizarte-proiekzio zabaleko esparrua dela gogoratu du Gonzalez de Viñasprek, eta horren erakusle, azken 20 urteetan 6.000 karrika-izen baino gehiago aztertu dituztela aipatu du. Tokiko toponimia-ikerketa gehiagoren premiaz aritu da halaber, eta ohartarazi du toponimo guztiak, handi zein txiki, “komunitate osoaren” ondare direla, “ez bakarrik tokian tokiko hiztunena”.
Patxi Salaberri euskaltzainak, iraganean hartutako erabaki okerrez eta batzordeari egin izan zaizkion kritikez mintzatu da Arauketa eta ikerketa, elkarren adiskide beharrakhitzaldian: “Toponimia anitz aldiz eztabaida iturri izaten da, hainbat aldagai sartzen baitira jokoan arlo horretan, herrien izenetan bereziki. Hizkuntza gaiak dira asko, baina gizartearekin ere zuzenean loturik dago beste aldetik, eta beraz, baita politikarekin ere”.
Salaberrik “hil ala biziko” garrantzia eman dio ikerketari. Onomastikaren eginbeharra, toponimoren bat arautu behar delarik, “haren historia ezagutzea da, leku izen bakoitzean gure kultura ondarearen zatitxo bat ezkutatzen delako, urregorria balitz bezala atxiki eta artatu behar duguna”.
Joan Anton Rabella linguistak –Institut d’Estudis Catalans– toponimiaren dibulgaziorako lanak eta bereziki arlo akademiko zientifikotik harago doazen ekimenak goraipatu ditu, “normalizazioari ikusgarritasuna emateko eta arlo sozial eta publikoan eragiteko” balio handikoak izanik.
Patxi Galé euskaltzain urgazleak, berriz, Euskal Corpus Onomastikoaren asmoez, helburuez eta etorkizuneko erronkez jardun du. Datutegia “ibilbide luzeko egitasmo gisa” ulertu behar dela iritzi dio, eta, halaber, “etorkizunik izango badu, produkziorako egokiagoa den lan-sistema diseinatu beharra” azaldu du, alor horretan “egiazko beharra dagoelako gizartean”.