Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen zazpigarren jardunaldi akademikoa ekainaren 13an (egun osoz) eta 14an (goizez) izango da, Gasteizko Europa jauregian. Biltzar berriaren goiburuak aurreratzen du helburu nagusia (Onomastika-ondarea babestu eta gizarteratu: han-hemengo esperientziak), eta Roberto González de Viñaspre euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzaileak hori guztia “ikuspegi zabalez” egingo dela zehaztu du. “Onomastikaren ikerketatik abiatuta, izenak normatibizatzeko eta gizarteratzeko prozesua aztertu eta horretaz gogoeta egin nahi dugu”, esan du González de Viñasprek. Euskal Herriko onomastika-lanak eta proiektuak ardatz hartuta, beste toki batzuetako “errealitateak eta esperientziak” ere gertutik ezagutzeko parada izango dela gaineratu du euskaltzainak.
Guztira 17 hizlarik parte hartuko dute ekaineko jardunaldian. Besteak beste, Patxi Salaberri, Franco Finco, Elena Martínez de Madina, Stefan Ruhstaller, Vincenç Rivière, Hervé Gwegeneta Roberto González de Viñaspre bera izanen dira biltzarrean. Gainera, jardunaldiaren baitan hiru lan aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak: Euskal Onomastika Datutegi (EODA) berritua, Pertsona-izendegi berritua eta Kale eta karrika izenen eskuliburua.
Azkenik, ekainaren 14an, Bilboko Koralaren Euskeria abesbatzak Mende berria kantuzkontzertua eskainiko du Gasteizko Principal Antzokian, Nurat Abesbatza eta Lauko Quartet-ekin batera.
Aurrekoen antzera, jardunaldi hau ere doakoa da, streaming bidez eskainiko da Akademiaren Youtube-ko atarian, aldi bereko itzulpena egongo da eta izena emateko epea zabalik dago ekainaren 10a bitarte.
(Argazkian: Onomastika batzordeko kideak)