Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpenaz diharduen ekitaldiari Koldo Narbaizak (Bilboko Udala), Ana de Castrok (Bizkaiko Foru Aldundia), Miren Dobaranek (Eusko Jaurlaritza), Aurelia Arkotxa jardunaldiaren arduradunak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eman diote hasiera.
Ekitaldiaren xedea “literatura, sarritan zentzuz hustua edo banalizatua den hitz hori” zentzuz betetzea dela nabarmendu du Arkotxak, betiere “idazle eleaniztunaren ikuspegitik”. Ikusmira sortzean bertan jarri da, beraz, eta sortzaile horren “tailerra” izan litekeenari erreparatu zaio, jakinik tailer hori askotan “nomada” dela , nonahi baitago, nola etxean, hala kafetegi bateko mahaian. Eleaniztunaren sorkuntzaren barruratze horretan, halaber, geografiei eta denborari eman zaie garrantzia, eta bereziki, “Frantzian hizkuntza gutxitu gisa sailkatzen diren horietan idazten dutenei”.
Bernardo Atxagaren neurrira antolatua dirudien jardunaldi honetan, metafora batetik abiatu du hitzaldia idazle eta euskaltzainak: “Itzulpenaz zein eskuizkribuez gogoeta bati ekiteko, izarrak hartu behar dira aurrena gogoan”. Hizkuntzak mapa astronomikoarekin alderatuz, “ingelesa eguzki, gaztelania edota frantsesa planeta, katalana ilargiaren tamainako satelite” lirateke, eta euskara, berriz, “asteroide”, Atxagaren aburuz, alegia, “zentrotik oso urrun dagoen hizkuntza”. Unibertso horretan duen posiziotik beraz, “berezkoa ez duen funtzioa ematen zaio itzulpenari”.
Bernardo Atxaga bere eskarmentutik mintzatu da eta ondorio argi bat azaldu du: “Zaila da itzulpena beste hizkuntzetatik gure asteroidera, baina konparazioan erraza; askoz zailagoa da euskaratik beste hizkuntzetara”. Haren ustez, zein unibertsotan gauden kontuan hartzen ez bada, eta zailtasun horri ez bazaio bere neurrian heltzen, “benetan ez dugu etorkizunik”. Horrezaz gain, asteasuarrak aitortu du sarritan euskaldun izatea “lan gehigarria” dela.
Olga Anokhina Parisko CNRS-ITEM institutuko hizkuntzalaria eta Patrick Hersant itzultzaile eta irakasleak idazle eleaniztunen zirriborroak ikertzearen garrantziaz mintzatu dira, besteak beste, sormen-prozesuaren arrastoak eta idazketaren estrategiak ulertzen laguntzen dutelako zirriborroek.
Anokhinak azaldu duenez, “idazle eleaniztunak bere pluraltasun linguistiko eta kulturalaren adierazpena bilatzen du beti”, batzuetan, hizkuntzen arrastoa testuan gordez; beste batzuetan, aldiz, hizkuntza batetik bestera iraganez edo auto-itzulpenaren bidez, eta hainbatetan, inspirazioa beste hizkuntzatan bilatuz.
Azpimarragarriak izan dira, halaber, Euskara eta itzulpen literarioak eremu garaikideanatalean, Mari Jose Olaziregi euskaltzain urgazle eta EHUko irakaslearen hitzak eta adibideak. Olaziregik giltzarritzat jo du eleaniztasuna, “sorkuntzan, banaketan eta harreran”.