Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen seigarren jardunaldi akademikoa maiatzaren 16an eta 17an izango da, Bilboko egoitzan (Plaza Barria, 15). Parisko ITEM-ekin (Institut des textes et manuscrits modernes) batera antolatu du jardunaldia Euskararen Akademiak, eta hainbat hizkuntzarekin lanean diharduten idazleek erabilitako artxibo, eskuizkribu eta inprimakiak aztertuko dira bertan, hau da, itzalean geratzen den lana.
Aurelia Arkotxa euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzaileak agertu ditu biltzar berriaren helburu nagusiak: “Idazlearen tailerrean geratzen den mundu aberats hori aztertu nahi dugu, horretaz gogoeta egin, Iberiar geografian agertzen diren berezitasunei erreparatuz, eta, bereziki, euskal eremuan agertzen direnei”. Arkotxak esan du “garaikidetasunean oinarrituz” eginen dela azterketa hori guztia, baina “galdu gabe iraganean nola agertu diren testuartekotasunak, eleaniztasunezko idazkiak eta beste”.
Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik agertu izan da ekitaldi berriarekin, Euskaltzaindiak bere “betiko hariari eutsiz”, merezi duen arreta eskaintzen diolako literatura eta haren ingurumariari. “Mendeurreneko ekitaldietan badator literaturaren txanda, eta jardunaldi honen nazioartekotasuna azpimarratu nahi nuke batez ere, euskarazko literaturak kanpoan duen presentzia gero eta handiagoa baita; alderantziz ere berdina ikusten dut, itzulpengintzari esker”, azpimarratu du Urrutiak.
Azkenik, Ibon Usarralde mendeurreneko ekitaldien bateratzaileak xehetasun teknikoak eskaini ditu: “Jardunaldia doakoa da, streaming bidez eskainiko da Akademiaren Youtube-ko atarian, aldi bereko itzulpena egongo da eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 13a bitarte”.
Guztira 26 hizlari egongo dira maiatzeko jardunaldian, besteak beste, Aurelia Arkotxa bera (Euskaltzaindia), Bernardo Atxaga (Euskaltzaindia), Olga Anokhina (ITEM), Delfina Cabrera (La Platako Unibertsitatea), Rainier Grutman (Ottawako Unibertsitatea), Mari Jose Olaziregi UPV/EHU), Max Hidalgo (Bartzelonako Unibertsitatea), Joseba Lakarra (Euskaltzaindia-UPV/EHU), edo Miren Ibarluzea (UPV/EHU), gutxi batzuk aipatzearren.