"Aniztasuna: hizkeren berba-mintzoak dialektologia jardunaldian funtsean aldarrikatu zena esaldi bakarrean laburbildu beharko balitz, Andres Urrutiak esandako hitzei eman beharko litzaieke garrantzia: “Ez dezagun euskararen arkeologia egin. Egin dezagun biologia”. Bestela esanda, errepara diezaiogun bagarenari, izan ginenari baino gehiago. Begira diezaiegun ekosistemei eta orekei. Iraupenari. Etorkizunari.
Biologia egin beharrak “euskararen aldaerak balioan jartzea” ekarri beharko luke, Bizkaiko foru diputatu Lorea Bilbaoren hitzetan, euskara “edonor eroso sentitzeko modukoa” izan dadin. Sarri errepikatutako ideia izan zela esan liteke, baina ez molde estandarrari kontrajartzeko aitzakian, osatzeko helburuz baizik. “Batasunak ez du euskararen kaleidoskopioa ukatzen”, nabarmendu zuen euskaltzainburuak, “batasuna aberastu egiten da, prisma horren kolore guztiak bere barne hartzen dituenean”. Euskalkietatik datorrenaz ez ezik, euskaldun berriengandik datozen moldeez ere ari zen Urrutia. Euskaldun guztion parte hartzeaz jardun zuen, baita, Bingen Zupiria Kultura sailburuak. “Euskara batua ez du Euskaltzaindiak egin, erabiltzaileok egingo dugu edo ez da izango”, esan zuen.
Aurrera begirako ildoak finkatzeko baina, ezinbesteko jotzen da eginda dagoenaren gaineko gogoeta, eta horretan jardun zuen, hain zuzen, Adolfo Arejitak. Euskaltzaindiak dialektologia lanen plan osatua sorreratik beretik izan duela gogoratu zuen jardunaldiaren hastapenean, eta urratu duen bidea laburbildu eta zedarririk garrantzitsuenak azaldu ostean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren muinari heldu zion, egitasmoaren zuzendari nagusia denez. Atlasak aurrez ezarritako helburuak “ondo eta osoro” bete dituela nabarmendu zuen hasteko eta behin, eta Europako beste atlas nagusiekin pareka litekeen obra dela ziurtatu zuen.
Aditu eta arituen arreta jaso zuena ez zen, beraz, egitasmoaren helburu orokorra izan, Atlasak berak bestela ere eskain dezakeen altxorra baizik, bere grabazioetan egundoko materiala batu baitu, 80ko hamarralditik hasita; mapetan ageri diren berbez harago, hiztunen esaldi, esamolde eta azalpen osoak, alegia. Beste arlo nahiz ikerketa lerroekiko harremanei edota komeniko litzaizkiokeen doitze estrategiko teknologikoei ere arreta berezia jarri zitzaien.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa 80ko hamarraldiko metodologietan oinarrituta dagoen arren, teknologia berrietara ekartzen eta Europan erreferente izaten asmatu dela azaldu zuen Aritz Abaroak, Irakurtzeko atlasetik entzuteko atlaserako bidean mintzaldian, baina orobat, lan-metodologian aurrerapausoak ematea, eskuz egiten direnak automatizatzen saiatzea eta soinuzko corpusa balioan jartzea nabarmendu zituen beharrizanen zerrendan. Halaber, idatzizko eta soinuzko corpusen datutegi erlazionala garatzeko premiaz ere hitz egin zuen, “ez baita erraza 4.000 orduren barruan aurrez markatuta eta identifikatuta ez dagoen informazioa aurkitzea”.
Joseba Abaitua Deustuko unibertsitateko irakasleak teknologia informatikoa eta dialektologia uztartu zituen, eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasari egindako analisien berri eman zuen. Ondorioetan, euskalkien gaineko ikuspegi klasikoa jarri zuen ezbaian, bai Luis Luziano Bonaparterena, baita Koldo Zuazorena ere, argudiatuz, euskalki kopurua nahiz euskalki bakoitzaren ezaugarriak ez direla sekula ongi zehaztu, eta atlasean biltzen diren mapek ere ez dutela halako area garbirik erakusten. Abaituaren ustez, atlasak dialektoen continuum bat jartzen du agerian.
Atlasa ez ezik, altxorra
Atlasaren ezaugarriak inork baino hobeki ezagutzen ditu Xarles Videgainek, zuzendari teknikoa izanik. 3.000 galdera, 5.000 ordu baino gehiago grabatuta eta 450.000 erantzun batzen dituela gogoratu zuen, eta halaber, grabaketa ordu horietarik asko “lo” edo transkribatu gabe daudela ohartarazi. Baina, orobat, atlasaren baliagarritasuna goraipatu zuen Videgainek, “bestela ikusten ez diren gauzak frogatzen” dituelako. Esate baterako, “hitz jakin bat nola ttipitzen den”, beste baten mesedean. Besteak beste, bildutako datu guztiak erabilgarriago jartzea proposatu zuen Videgainek. Hala nola, transkribatu gabe dagoena transkribatuz, liburukiz liburuki emana dena gune bakar batean bilduz, ordenamendu eta sailkapen berriak ahalbidetuz, forma fonetikoak eta ortografikoak molde errazean uztartuz, esamoldeei markak ezarriz (iraingarria denari, adibidez) eta, batez ere, bere muinean batu den material osagarria baliatzeko moduan ezarriz. Izan ere, “altxor errepikaezina” gordetzen baitu atlasak, bere grabaketetan. Hala nola, herri-jakintzari loturiko gaiak, etnografiazko edukiak, ipuinak, herri-literaturako genero txikiak eta abar.
Gainera, atlasaren datuak irekiak izatea, alor bertsuetan dabiltzan ikerlariekin harreman intelektualak bultzatzea edota argitaratze politika berriak abian jartzea eskatu zuen, atlasaren datuak nahieran baliatu ahal izateko alor eta diziplina guztietako ikerlariek.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak beste bi liburuki falta ditu, biltzarrean hamargarrena aurkeztu ondotik. Eta horrenbestez, “Atlasa bukatutzat eman baliteke ere”, Euskaltzaindiaren atlasgintzak bide luzea duela esplikatu zuen Adolfo Arejitak, aurrerantzean “hainbat ildo” landu beharko liratekeelako, ahozkotasunaren ikuspegitik. Nabarmendutakoen artean, gramatikaren atlas baten beharra aipatu zuen, “ondo aztertu gabeko puntuetan zentratuko dena eta Euskaltzaindiaren eskari eta beharrei lehentasuna emango diena”. Sareko atlasari begira, berriz, “oraingoak harrapatzen ez dituen hutsune semantiko pisuzkoak biltzeari” eman zion garrantzia, orain arte egindako bidea hobetuko lukeelako.
Miriam Urkia, hiztegigile gisa, eta Amaia Jauregizar, Herri Hizkeren Atlaseko teknikari gisa, bi egitasmoen osagarritasunaz mintzatu ziren elkarrekin. Hiztegigintzaren eta atlasgintzaren lan-moldeak eta irizpideak hartu zituzten hizpide, bien arteko lehen funtsezko aldea iturria izanik: hiztegiek corpus idatzia dute oinarri, eta atlasak, ahozkoa. Atlasa hiztegigintzan argigarri eta lagungarri izan litekeela ondorioztatu zuten, “nola Euskal Hiztegian ez dauden kategoria, adiera, euskalkiak lantzeko, hala daudenak berresteko”.
Bi ikerketa zehatz eta kanpoko aditu ugari
Euskararen eremuaren barruan, bi ikerketa praktiko esplikatu ziren Bilboko Dialektologia Biltzarrean. Iñaki Camino hizkuntzalariak Nafarroa Behereko mugetara jo eta Garazi ibarreko aldaerak eta ezaugarriak xehatu zituen adibide paradigmatikoak emanez, Garaziko euskara: ohar zenbait izenburupean. Bernart Etxepareren euskara eta lana ezaguturik, eta oraingo Garaziko mintzaira azterturik, ibarrean linguistikoki zer gertatu den azaltzea izan zuen helburu Caminok, bere oharretan.
Xantiana Etchebest filologian doktoreak, berriz, r-aren ahoskerari heldu zion Euskararen Herri Hizkeren Atlasetik gaurko nerabeetara, zuberotar dardarkarien bariazio sozio-fonetikoa hitzaldian. “Azkar aldatzen ari den soinua” dela frogatu zuen Etchebestek, bere tesi-lana makulu hartuta. R-ari buruz, hiru soinu mota bereizi zituen: bakunak, anizkun apikalak eta anizkun ubularrak. Lehen biak, kantuetan oraino entzuten baldin badira ere, desagertzen ari direla azaldu zuen eta aldea oso nabarmena dela, zaharren artetik gazteen artera. Baitezpadako aldaketa horretan, eskolak izan dezakeen eragina apuntatu zuen arrazoien artean.
Garazi ibarreko ezaugarriek eta Zuberoako ahoskerak ez ezik, mendebaldeko euskarak ere aparteko tokia hartu zuen, Ziortza Egureni esker. Labayru Fundazioak 1970. urteaz geroztik egindako bideaz eta plazaraturiko materialaz hitz egin zuen bertako kide denak: “Gure hiztegien ekarririk bereizgarrienetako bat, bizkai euskara eta batua batera lantzean datza, eredu bietariko hitz-itxurak gaztelaniaren aurrez aurre ipintzen direla”. Horretarako bizkaiera idatzirako lexikoa zehazten eta eredu baturako bidea irekitzen egindako ahalegina nabarmendu zuen. Beren hiztegietan bildu den aberastasuna, Egurenen aburuz, “ez da bakarrik berbetara mugatu”, bizkaieraren barruko baliabide eta egitura sintaktiko “jator eta baliotsuak” ere kontuan hartu baitituzte. Amaitzeko, “orotariko batua” aldarrikatu zuen ahozkoan eta idatzian, “oraindik ere hiztun masa handi bat ez delako sentitzen oso eroso eredu batuarekin”.
Euskaltzaindiaren mendeurreneko gainerako jardunaldietan ohi bezala, beste hizkuntzatan diharduten adituei ere eman zitzaien hitza.
Frisieraren akademiako kide Hans Van de Velde hizkuntzalariak ere r-aren ahoskerari heldu zion, bai hitzez, bai eta grafikoki ere, bere kamisetan R hizkia irudikatzen zuen mastodontea baitzekarren margotuta. Ipar Euskal Herriko hizkeretan ez ezik, nederlanderarenetan ere ubularrerako joera dagoela azaldu zuen, eta dialektologia atlasen aldarria egin zuen, “ezinbesteko iturri” direlako halako aldaketez ohartzeko eta berorien atzean egon litezkeen kausak ikertzeko. Etchebestek bezala, eskolaren eragina edota elebitasuna ipini zituen aztertu beharreko arrazoi nagusien artean. Azkenik, dialektologia atlasek, beste arlo, diziplina eta ezagutza esparruekin konbinatuz, ikerketa-lerro interesgarriak zabaltzen dituztela nabarmendu zuen.
John Nerbonne, Groningen eta Fribourg-eko unibertsitateetako irakaslea, linguistika konputazionalean aditua, hizkeren auzotasunaz eta ekologia intelektualaz mintzatu zen. Dialektologiak edo hizkuntz aldaerek “interes laiko handia” pizten dutela esan zuen, hau da, jakin-mina sortzen dutela adituak direnen eta ez direnen artean. Haien lana, ordea, aldaerak identifikatzeaz harago, “aldeak gertatzeko arrazoiak” azaltzen saiatzea dela esplikatu zuen Nerbonnek, zergatik sortzen diren aldaera jakin batzuk eta ez beste batzuk. Horretarako, transkripzio fonetikoekin aritzen direla, diferentziarik sotilenak ere antzemateko teknika berezi bat garatu dutela eta datutegi erraldoiak baliatzen dituztela azaldu zuen. Halaber, beren lan-moldea, zientzialari diren aldetik, beste arlo eta diziplina askotan aplika daitekeela esan zuen, eta horren ilustragarri, orain arte egindako hainbat ikerlan aipatu zituen. Besteak beste, Europan hizkuntzen paisaia nola aldatzen ari den azaltzen duena, edota katalan estandarrak beste aldaeretan izan duen eraginaz diharduena.
Aldaketak aurreikusi ote daitezkeen galdetu zitzaionean, “halakoetan beti puntu berera iristen naiz”, erantzun zuen Nerbonnek, “hizkuntzek elkar ukitzen dutenean, nahasketak oso libreak izaten dira, eta oso zailak iragartzen”.
Xulio Sousa eta Manuel Gonzalez Santiagoko Unibertsitateko irakasleek galegoaren gaineko geolinguistikaz eta dialektologiaz jardun zuten. Lehenak ikerketa akademikoaren historiari eman zion errepasoa, eta galegoaren atlasak leuzkakeen erronkak aipatu zituen. Besteak beste, egungo aldaeren mapa zehatza marraztu beharra, eta, material dialektaletik abiatuta, gaztelaniak izan duen eragina ezagutzea. Manuel Gonzalezek galego estandarraren kontraesanei heldu zien: “Galego guztientzako eredu arauemaileak, soluzioak ematerakoan, aldaeretan jatorki zabalduenak hautatu beharko lituzke, eta halaxe egin du kasu gehienetan, baina ez beti. Dialektoek ez dute trataera bera izan, ezta zori bera ere, eredu estandarra deitu den horretan”.
Maria Pilar Perea Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak katalan dialektoetako aldaketa morfologikoak hartu zituen hizpide. Denborak sinplifikaziora eraman dituela eta utzitako hutsuneak katalan estandarrak bete dituela ondorioztatu zuen: “Antzeman dugun aldaketarik nabarmenena horixe da hain zuzen: aldaerak desagertzen ari direla”. Galdera baten bidez eman zion amaiera hitzaldiari: “Aipatu berri den aldaketa, mende eskasean eman bada, zer gertatuko zaie dialektoei mende baten buruan?”.
Gaztelaniak ere izan zuen tokirik jardunaldian. Isabel Molina Alcalako Unibertsitateko irakaslea Iberiar penintsularen erdialdeko aldaera linguistikoez mintzatu zen, edo zehazkiago, lurralde jakin horretako aldaera linguistikoak gaitzat hartzen dituzten ikerketez, azkenik, atlasetan biltzen diren datuak analizatzen eta interpretatzen dakiten espezialistak formatzen jarraitzeko egokitasuna aldarrikatzeko: “zinez garrantzitsua da ikasle belaunaldi berriei jakinduria hori transmititzea”.
Hari beretik heldu zion Carolina Juliá UNEDeko irakasleak ere, metodo geolinguistikoak gizarteari dakarkion onuraz mintzatu baitzen Atlasak corpus linguistiko gisa hitzaldian. Atlasetako materialen irakurketa edozein ikuspegi teorikotatik egin daitekeela azpimarratu zuen, eta teknologia berrien ekarpena goraipatzeari ekin zion gero, “digitalizatze homogeneoa” egiten laguntzen dutelako. Atlas berriak gizarteari estuki lotuta diseinatu behar direla azaldu zuen, eta era berean, atlas zaharretako materiala baliatzeko bidea ere eman behar dutela.
Atlasak ez dira zahartzen
Baina atlasei esan dakiekeen egiarik biribilena edo bederen gustagarriena Pilar García Moutonen ahotik entzun zen, Iberiar penintsulako atlas linguistikoaz ari zela: “Atlasak ez dira zahartzen”, une jakin bat ispilatzen dute “eta hori betiko da”. Mapen baliagarritasuna ertz askotatik justifikatu zuen CSICeko kideak. Atlaseko datuak gaztelaniazko hiztegi historikoari gehituko balitzaizkio, lortuko liratekeen onuren artean “hiztegi askoren mamia orekatzea” aipatu zuen, “testu idatzi eta literarioei ahozkotasunaren ekarpena egingo litzaiekeelako”. Laster batean, Atlas Lingüístico de la Península Ibérica (ALPI)-ren sareko bertsioak, mapak nahieran eta dinamikoki kartografiatzeko aukera eskainiko duela iragarri zuen.
Biltzarreko izarra edo protagonista nagusia Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia izan zen, ordea. 239 mapatan, gizarte-bizitzari, gaixotasunei eta ahaidegoari lotutako lexikoa biltzen du, eta zehatzago esanda, honako gaiak: jokoak, kirolak, bertuteak eta bizioak, gorputzeko gabeziak, larruazaleko gaitzak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte-bizitza, ahaidegoa, erlijioa, sinesteak, lana eta beharginak.
X. liburukia inprimategitik atera berria eskuetan zuela, “euskara mintzatuaren eta aldi batekoaren memoria historikoa” osatzera datorrela azaldu zuen Adolfo Arejitak, eta, amaiera gisa, ezinbesteko jo zuen Biltzarrean aditu gehienek aldez edo moldez nabarmendutakoa: alegia, tradizio idatzia eta ahozko tradizioko corpusa hurreratzeko eta elkar osatzeko urratsak egitea.